HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 9

Aldi hartan, hurbil zen juduen Pazko-jaia, eta Jesus Jerusalemera igo zen. Tenpluan idi-, ardi- eta uso-saltzaileak aurkitu zituen, eta diru-trukatzaileak han eserita. Jesusek, lokarriz zartailua eginik, bota egin zituen denak tenplutik, baita ardiak eta idiak ere, eta tratularien diruak sakabanatu eta mahaiak irauli zituen. Uso-saltzaileei esan zien: «Ken horiek hortik! Ez bihurtu azoka-etxe nire Aitaren etxea». Ikasleak idatzirik dagoenaz gogoratu ziren: «Zure tenpluaren maiteminak sutu nau». Orduan juduek galdetu zioten: «Zer ezaugarri ematen diguzu hori egiteko?». Jesusek erantzun zien: «Desegin ezazue tenplu hau, eta hiru egunean jasoko dut». Juduek erantzun zioten: «Berrogeita sei urte behar izan ziren tenplu hau eraikitzeko, eta Zuk hiru egunean jasoko duzula?». Hura, ordea, bere gorputzaren tenpluaz ari zen. Hilen artetik berpiztu zenean, gogoratu ziren ikasleak esandako honetaz, eta sinetsi zuten Liburu Santuetan eta Jesusek esandako hitzean.

Joan 2, 13-22.

Pasarte honetan ikusita Jesus suturik bere Aitaren etxea defendatzen, nola jarriko litzateke oraingo garai honetan bizi izan balitz? Eta nolako jarrera hartuko luke, defentsa “Aitaren etxea” delakotik “ama Lurrera”kora aldatuko  balu? Izan ere, gure Lurra guztien etxea da. Ororentzat parez pare ateak irekiak uzten ditu, bertan zoragarri bizi gaitezen eta ondasun izugarriak eskaintzen dizkigu, denen gozamena gure esku utziz. Eta zein da gure esker ona? Bistakoa da. Horregatik, gizon-emakumeak egiten ari garen hondamendia salatzeko eta Aitak egindako etxea salbatzeko, Jesusek egun, haserrea agertzeaz gain, indar handiko irudiak eta, agian, lokarriz egindako zartailua baino zerbait gogorragoa erabiliko luke.

Distantziak salbu, natura ere, Jainkoaz gozatzeko tenplu egokia da. Mendiek, itxasoak edo edozein loretxoek eskaintzen diguten edertasunaz eta handitasunaz gozatzea, modu natural batean mirespenez Jainko sortzailea gurtzera eramaten gaitu.

Guztiok uste dugu natura zaintzeko borondatez, gure bizitzan orrialde berri bat ireki dugula eta asmo onak betetzen ari garela. Hala ere, ziur al gaude ahal dugun guztia egiten dugula?  Eraldaketa digitalei eta energetikoei, norberaren esku dagoen neurrian, aurre egiten diogu? ‘Murriztea, birziklatzea, berrerabiltzea’ dira bideari ekiteko aspalditik eman zizkiguten gakoak. Hartutako konpromiso-mailari buruzko hausnarketa egitera; berriro aztertzera; eta neurri tinkoak finkatzera, ausartuko al gara? Norbera hasteko une ona da.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.