HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 8

Aldi hartan, Jaunak esan zien apostoluei: «Emazue, zuetako batek morroia duela soro-lanean edota artzaintzan. Morroia etxeratzean, “hator berehala mahaira” esango ote dio? Ez ote dio beste hau esango: “Presta iezadak afaria, jantzi aurreko mantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren, afalduko duk heuk?” Morroiari esker ona zor ote dio, agindua bete duelako? Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizajoak gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».

Lukas 17, 7-10.

Gaur egunean pertsonak baloratzean aplikatzen den neurtzeko tresna bat da bere lanbidean lortu duen boterea. Noraino iritsi den, ze kargu izan ditu, bere ardurapean izan dituen pertsona-kopurua eta zenbateko errendimendua jaso duen kontutan hartzen da. Parametro horien pean lan mailan arrakasta izan badu, gizarte-onarpena eta mirespena ere bermaturik ditu eta eredu bihurtzen da. Baloreak, printzipio etikoak, non gelditzen dira, ordea?

Zein urruti aurkitzen den Jesusen mezua! Gizarte-onarpen oker batek ematen duen harrokeriatik at, apaltasuna, konfiantza eta laguntasuneko inguruneak sortu eta lan gizatiarra adierazgarri bihurtzea gomendatzen du. Hori litzateke pasarte honetan helarazi nahi zuen ereduzko bidea.

Ez da erraza Jesusen hitzei eta haren ereduari jarraitzea. Halere, saiatzeak merezi du. Duingarria da lana apaltasunez, konpromisoz eta zerbitzuz, saririk bilatu gabe egitea. Eta hori da Jesusengana hurbiltzen gaituena eta pertsona hobeak eta, zalantzarik gabe, estimatuagoak izateko laguntzen duena. Merezi du lanaren inguruan, nola egiten eta zer bilatzen dugun, une batez hausnartzea.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.