Ez naiz inora iritsi

2022 Aza 7

Bide guztiak zeharkatu izan banitu ere,
mendi eta haranak gurutzatu
ekialdetik mendebalderaino,
ez badut aurkitu ni neu izateko askatasuna
ez naiz inora iritsi.

Nire ondasun guztiak partekatu izan banitu ere
beste hizkuntza eta kultura bateko jendeekin,
mila bidezidorretako erromesen laguntasuna lortu
edo aterpea partekatu santu eta printzeekin,
bihar nire bizilagunari barkatzeko gai ez banaiz,
ez naiz inora iritsi.

Motxila hasieratik amaierara kargatu izan banu ere
eta kuraia behar duen erromes bakoitzari itxaron,
edo nire ohea utzi nire ondoren iritsi zenari,
eta nire ur botila oparitu ezeren truke,
nire etxera eta nire lanera itzultzerakoan gai ez banaiz
anaitasuna sortzeko eta poza, bakea eta batasuna jartzeko,
ez naiz inora iritsi.

Egunero janaria eta ura izan banitu ere,
eta gauero sabaiaz eta dutxaz gozatu izan,
edo ondo zainduta izan balira nire zauriak,
ez badut horretan guztian Jainkoaren maitasuna aurkitu,
ez naiz inora iritsi.

Nahiz eta monumentu guztiak ikusi izan
eta eguzki-sartzerik onenak behatu;
hizkuntza bakoitzean agur bat ikasi izan banu ere,
edo iturri guztietako ur garbia probatu,
hainbeste doako edertasun eta hainbeste bakeren
egilea nor den jakin ez badut
ez naiz inora iritsi.

Gaurtik aurrera zure bideetan ibiltzen jarraitzen ez badut,
ikasitakoaren arabera bilatzen eta bizitzen;
gaurtik aurrera ez badut pertsona bakoitzarengan ikusten,
adiskide eta etsai, bidelagun bat;
gaurtik aurrera ez badut Jainkoa ezagutzen,
Nazareteko Jesusen Jainkoa,
Nire bizitzako Jainko bakarra bezala,
ez naiz inora iritsi.

(Itzulpena: Itziar Errandonea)

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude