HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Azaroak 7

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ezinbestekoa da munduan galbideak gertatzea, baina dohakabea inoren sinesmena galbidean jartzen duena! Hobe luke errotarria lepotik lotu eta itsasora botako balute, txiki hauetakoren bat galbidean jartzea baino. Ibili kontuz! Zure senideak bekatu egiten badu, egiozu haserre, eta, damutzen bada, barkatu. Eta egunean zazpi aldiz zure kontra bekatu egiten badu eta zazpi aldiz etortzen bazaizu “damu dut” esanez, barkatu  Apostoluek esan zioten Jaunari: «Handitu sinesmena gugan». Jaunak erantzun zien: «Sinesmena bazenute, mostaza hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi “atera hortik eta landatu itsasoan” esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke».

Lukas 17, 1-6.

Hitz gogorrak erabiltzen ditu Jesusek eskandaluaz hitz egiten duenean, eta denetan, sustatzaileei zigorra ezartzen die: begiak atera, eskua moztu…; baina denetatik handiena, haur bat galbidean jartzen duenari da: “Hobe luke errotarria lepotik lotu eta itsasora botako balute” gaurko irakurketan agertzen den bezala. Eta ongi ulertzen da Jesusek dituen erreakzioak, eskandaluak norberaren buruari eta besteenei ere eragiten dien gaitzaren aurka indarrez agertzea nahi baitu.

Bestelakoa da, aldiz, besteen bekatuen aurrean eduki behar den jokabidea azaltzen duenean. Gaitzetsi egin behar da, noski, baina damurik egonez gero, askotan jausi arren, ez dago zigorrik. Beti barkamena nagusitzen da.

 Jesusen hitz horiek damuaren hauskortasuna kontutan hartzera garamatzate. Bihotzez damutu egin gaitezke, baina borondate ona jarri arren, hutsegite berean behin eta berriz erori gaitezke. Holako akatsak oso gizatiarrak direla esan daiteke. Horregatik, barkamenarekin esku zabalak izatea behar beharrezkoa da. Barkamenak egiten du gizakia handi eta errudunari ere ongiaren bidea argiago erakusten dio. Horren inguruan, kasu batean eta bestean, norberaren jarrera nolakoa den aztertzea ongi legoke.

Rosa Miren Pagola

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.