HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 30

Aldi hartan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barna zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-buru zena, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen Zakeo, baina ezin zuen jendetzagatik, txikia baitzen. Lasterka aurrera joan eta pikondo batera igo zen Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, toki hartara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Berehala jaitsi zen eta pozik hartu zuen etxean. Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz». Zakeok, ordea, zutik jarrita, esan zion Jaunari: «Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei emango dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot». Jesusek esan zion: «Gaur salbamena iritsi da etxe honetara, hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da».

Lukas 19, 1-10.

Nolakoak dira gure bizitza, gure etxea Jesusik gabe? Nolakoak dira gure bizitza, gure etxea Jesusekin? Jesusekin bizitzeak erabat eraldatzen gaitu eta gure bizitza eta harremanak askoz hobeak bihurtzen ditu. Gaurko Ebanjelioan Zakeok erakusten digu nola aldatu daitezkeen.

Zakeo, Jesusekin elkartu aurretik bere bizitza gizarte-bazterketa zen. Gaizki ikusia zegoen, zergak kobratzeko lapurtzen zuelako, erromatar inperioko kolaboratzailea zelako eta, egia esan, bekatari agerikoa zelako. Jesusekin elkartzeak bide eta bizi berri bat aurkezten dizkio Zakeori. Adiskidetzearen bidea, jarraipenaren bidea, itxaropen-aren bidea aurrean jartzen zaizkio gure Zakeori. Bizimodu berri hau Zakeo altxatzen denean, blokeotik ateratzen denean eta bizitzan aurrera egiten duenean irudikatzen zaigu.

Uzten al diogu Jesusi gure etxean sartzen? Denbora ematen al dugu Jesusekin berba egiteko eta elkarrizketa hori, gure sakonera hel dadin? Jesus gure etxean egotea, berarekin hitz egiteko aukera da, berarekin gure bizitza kontrastatzeko aukera da. Batzuetan blokeatuta senti gaitezke, eta horri inaziar hizkuntzan desolazioa deitzen diogu. Kontua zera da, salbazioa gure etxera sartzen uztea, Izpirituak gure gela ilunak aireztatzea eta Jainkoaren argiak egun berrietarako begi berriak ematea. Prest al gaude?

Pello Azpitarte

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.