HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 29

Aldi hartan, larunbat batez, fariseu-buruetako baten etxera joan zen Jesus bazkaltzera, eta fariseuak zelatan zegozkion. Ohartu zen Jesus gonbidatuek aurreneko jarlekuak hartzen zituztela eta ohar hauek egin zizkien: «Ezteietara gonbidatzen zaituztenean, ez jarri mahaiburuan, baliteke-eta zu baino gonbidatu ospetsuagoren bat izatea; hala balitz, biok gonbidatu zaituztenak etorri eta esango lizuke: “Utzi tokia honi”. Orduan, azkeneko lekuan eseri beharko duzu lotsa gorritan. Alderantziz, gonbidatzen zaituztenean, jarri azkeneko tokian, gonbidatu zaituenak, datorrenean, esan diezazun: “Adiskide, igo gorago!” Horrela, oso toki onean geldituko zara mahaikide guztien aurrean. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jaunak, eta bere burua beheratzen duena goratu».

Lukas 14, 1. 7-11.

“Fariseu-buruetako baten etxera joan zen bazkaltzera”. Oraingoan, gainera, “larunbat batez”. Jakina da Jesus ez zela bazkari ospakizunak bere aldekoekin egitera mugatzen. Bestelako norabideak zituzten gonbidapenak ere onartzen zituen mahaia eta solasa partekatzeko, nahiz eta bazekien batzuk begiluze edo zer-suman jardungo zitzaizkiola, eta beste zenbait tranpatan.

Zergatik eta zertara gonbidatu zuten? Ala, testuak dioen bezala, bera “joan zen bazkaltzera”? Bere burua gonbidatu zuen? Dena den, ez zitzaion nabarigaitza gertatu mahaikide guztien artean berak zuela han egotean kalte-arrisku handiena. Baina edonorekin aurrez aurreko egonaldiak egiteko aukerak onargarri iruditzen zitzaizkion, baita jolasgurak gora egiten zuen aldietan ere. Arriskuak ez zitzaizkion artegagarri, edonor iruditzen zitzaiolako norabide-aldaketa egiteko gauza. Eta ahalbide hori zabaltzen saiatzen zen. Arriskuen eta aukeren artean, aukera onak aprobetxatzeari ekiten zion. Baina beretik galdu gabe; esan behar zituenak esanez.

Bere ekimenak honela ulertu daitezke: “beti egin daiteke zerbait”. Guretzat akuilu baliagarria.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.