HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 28

Aldi hartan, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien: Simon –honi Pedro izena ezarri zion– eta honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon –Zelote zeritzana–, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izan zena. Jesus ikasleekin menditik jaitsi eta zelaigune batean gelditu zen. Ikasle-multzo handia zen harekin; baita herriko jendetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria, hari entzutera eta beren gaitzetatik sendatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendatu egiten ziren. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, halako indar bat baitzerion, denak sendatzen zituena.

Lukas 6, 12-19.

Lagun baino ikaskide izateko, Jesusek arrantzale gazte batzuk aukeratu zituen. Noiz izan zen? Zehaztu gabeko “aldi hartan” eta “eguna argitu zuenean”. Badirudi garrantzia abian jarri zen prozesuari ematen zaiola. Aukeraketa hura ez zen nolanahikoa. Horregatik zetorren gau osoa otoitzean eman eta otoitz-lekuan egotetik. Gizon arrunt batzuei eskatuko ziena otoitzaren galbahetik pasatu beharrak eraman zuen otoitzean murgiltzera.

Bikoitza izango da aukeratuen egitekoa: ikasle-jarraitzaile eta gerora apostolu. Berarekin landutakoa beste batzuei jakinaraziko diete eta horrela apostolu bilakatuko dira. Apostolu hitzak “kanpora igorria” esan nahi du. Zeren berri emango dute? Giza bizitzari eta giza-izateari dagokion bikaintasuna Jesusengan argitzen dela.

Ikasle-apostolu haien berriematea ez zen soilik berbaldi bidez iragarria izango. Batez ere, eurek bizi izan zutenaren lekukotzan oinarrituta jardungo zuten. Baina azalpenak eskatuko zizkieten. Orduan, bai, hitzak erabiliko zituzten. Naturalago ere bada: “hitz gutxiago, eta ekintza gehiago”.

Hara gure jarraitzaile izaera nora iristera dagoen deitua: lekuko izatera. Ekintza, hitzaren eta garenaren bidez.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.