HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 27

Aldi hartan, fariseu batzuk joan zitzaizkion Jesusi eta esan zioten: «Zoaz, alde egizu hemendik, Herodes Zu hil nahian baitabil». Jesusek erantzun zien: «Zoazte eta esan azeri horri: “Hara, gaur eta bihar deabruak botatzen eta sendatzen jarraitu behar dut, eta hirugarren egunean nire azkena izango da”. Baina gaur, bihar eta etzi bideari jarraitu behar diot, profeta ez baitaiteke Jerusalemdik kanpora hil. Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta Jainkoak zuri bidaliak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ote ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak bere txitaldia hegalpean bezala, eta zuek ez duzue nahi izan! Horra, bada, hutsik geldituko zaizue etxea! Eta esaten dizuet ez nauzuela ikusiko, hau esango duzuen eguna iritsi arte: “Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena”».

Lukas 13, 31-35.

Fariseuak Jesusengana joan ziren herrialde hartatik irteteko proposamena aurkeztera. Herodesek bidaliak? Ala, honi geratu zitzaion errudun aztarnaz baliatzen ari ziren, Herodesek erabaki zezan Jesus erasotzea? Herodesek bi kezka zituen: Joan Bataiatzailea gupidarik gabe hil izana, eta horren ondorioz judutarren arbuioa jaso izana. Zeren judutarrek Joan Bataiatzailea profetatzat hartua zuten. Herodesen kalkuluan, hobe zen Jesusek Galileatik alde egiten bazuen, eta berak eskatu beharrean, fariseuak mezularitzat erabili.

Izan zitekeen, gainera, Herodesek uste izatea Jesus benetan Joan Bataiatzailea bera berpiztua zela, edo Joanen espiritua osorik jasotako bat. Kontrako sentimenduak eragiten zizkion: Jesus bertatik bertara ezagutzeko gogoa eta, bestetik, Jesusek bere lurraldea uzteko irrika.

Fariseuak, bestalde, Jesusekin minduta zeuden, parabolez baliatzen zelako toki txarrean utzi eta haien jokabidea gaitzesteko, baita ekintza harrigarriekin jendea miretsirik uzten zuelako ere. Horregatik ongi zetorkien Jesus Galileatik Jerusalemera aldentzea, azken hiri horretan zigortzeko nahikoa botere eta ahalmen zutelako.

Herodes izan zein fariseuak izan, Jesus beldurtu egin nahi zuten. Haren erantzuna, gotorra: “esan azeri horri”. Nolako iraina! Zeren azeri hitzak grekoz emakumezko zentzu edo itxura zuen. Testuinguru horretan Herodesi ari zitzaion aurpegiratzen gizontasuna galdua zuela Herodiasen mende egoteagatik.

Pasarte honetatik zer ondorioztatu dezakegu geuretzat? Ba, esaten dizutenaren azpitik ezkutuko asmoak sartu nahian ibili daitezkela. Kontu egin zenbaitetan ageriko asmoen azpitik ezkutukoak ere badirela. Adi eta zuhur aritu.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.