HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 26

Aldi hartan, Jesusek, Jerusalemera bidean zihoala, igarotzen zituen herri eta auzoetan irakasten zuen. Batek esan zion: «Jauna, gutxi al dira salbatzen direnak?». Jesusek erantzun zien: «Saia zaitezte ate estutik sartzen. Egiaz esan, askok sartu nahi izango du, baina ezin izango da sartu. Etxeko jaunak jaiki eta atea itxiz gero, kanpoan geldituok ate joka hasiko zarete: “Ireki, Jauna!” Baina hark erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten”. Zuek, orduan, honela hasiko zatzaizkiote: “Zurekin jan eta edan izan dugu, eta Zuk gure plazetan irakatsi izan duzu”. Baina hark erantzungo dizue: “Ez dakit nongoak zareten. Alde nigandik, gaizkileok!” Orduan, negarra eta hortz-karraska izango da, Abraham, Isaak eta Jakob eta profeta guztiak Jainkoaren erreinuan ikustean, zeuen burua, berriz, jaurtia. Asko etorriko dira sortaldetik eta sartaldetik, iparretik eta hegotik, eta Jainkoaren erreinuko mahaian eseriko dira. Begira: orain azkeneko den zenbait jende lehenengo izango da, eta lehenengo den zenbait azkeneko».

Lukas 13, 22-30.

Salbatuko direnen kopurua zenbatekoa izango ote zen galdetu zioten Jaunari: “gutxi al dira salbatzen direnak?». Jaso zuten erantzuna ez zen oso kontsolagarria: “askok sartu nahi izango du, baina ezin izango da sartu”. Zer da oharpen trinko horrekin airean utzi nahi diena, mehatxua ala gaiak baduela seriotasuna? Agian galderaren azpian egon zitekeen zitalkeria fina desegin nahi zuen, zeren izan badira bigarren helburua duten galderak: galdetua estutu, ala ez-jakintsu bezala uzteko asmoz jaulkitakoak.

Entzule haietako batzuek ez zuten zalantzarik salbazioa lortzeko adina merezi zutela. Baina Jesusek, sotilki ohartarazi zien, “askok” horrela uste bazuten ere, ezinezko izango zitzaiela.

“Ate estutik” igaro behar al da? Zelako estutasun mota? Erreinuan apal sartuko gara, ez judutarrek uste zuten irabazleen handitasunaz. Asmo handiak birrinduak gera daitezke. Bitartean, edo aldi berean, sinestunek estutasunak ezagutu eta bizi beharko dituzte.

Bai, fedeak aldapak ditu. Eta bihurguneak, edo nekeak. Ez etsitzea ate estutik igarotzea bezalakoa da. Nola iraun fedean? Ba, zailtasunak geure eginez. Jakinik ez direla betikoak, haratago joatekoak baizik. Zenbat eta nolako ate zailetan aurkitzen naiz orain?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.