HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 25

Aldi hartan, Jesusek esan zion jendeari: «Zeren irudikoa da Jainkoaren erreinua? Zeren antzekoa dela esango nuke? Gizon batek bere baratzean botatzen duen mostaza-haziaren antzekoa da: hazten da eta zuhaitz egiten, eta txoriek haren adarretan egiten dute había». Esan zuen gainera: «Zeren antzekoa dela esango nuke Jainkoaren erreinua? Legamiaren antzekoa da: emakume batek hiru lakari-irinetan nahasten du, eta oraldi guztia harrotzen da».

Lukas 13, 18-21.

Oraingoan ere irakaspen zuzenak ematen dabil Jesus. Larunbata izanik eta sinagogan egonik, irakasteko aukera beretzat hartua du. Horretan hasita, eta andre konkortuaren ahalduntzea agerian utzi ostean, parabola bi eskaintzen ditu, argiro iradokitzen dutenak Ebanjelioaren hazia emankorra suerta daitekeela gure ulermen eta pentsamolderako. Ebanjelioaren ekarpena esaldi soiletan jasotzen badugu ere, haziaren bizkortasuna izan dezake, baita hedatzeko ahalmena ere, aurkari askok oztopoak jarrita ere.

Lurpean haziaren bizitasuna bezain eraginkor irauteko gaitasuna omen du maitasunezko fedeak gure bihotz barnean. Nola izan daiteke hori? Jainkoaren Erreinuaren sentipena suspertu dezakeelako. Ez nolanahiko fedea, noski. Bi parabola hauek iradokitzen dute, hedadura tamaina txikian eta apalean ageri bada ere, geldiezineko bidea egingo duela.

Mostaza haziaren irudiak Ebanjelioaren kanporako hedapena adierazi nahi luke. Legamiarenak, ostera, Ebanjeliora hurbiltzen denari eragiten dion barne aldaketa iradoki nahi du. Emakumeak legamia fintasunez nahasi eta oratzeak bat-batean irudikatzen du fedeak sortu dezakeen aldaketa. Baita zein luzerakoa izango den ere.

Gure fedeak ere legamiaren antzeko barne-lana behar du, neurri batean guk geuk landutakoa, baita besteek gugan utzitako arrastoen ondoriozkoa ere.

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.