HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 24

Aldi hartan, larunbatez sinagoga batean irakasten ari zen Jesus. Bazen han emakume bat, hemezortzi urte haietan espiritu baten menpe gaixo zegoena: erabat konkortua zegoen eta ezin zen inola ere zuzendu.Ikustean, Jesusek deitu eta esan zion: «Emakume, geldi zaitez libre zeure gaitzetik». Eskuak ezarri zizkion, eta bat-batean zuzendu zen eta Jainkoa goresten hasi. Sinagogako buruzagiak, Jesusek larunbatez sendatu zuelako haserre, esan zion jendeari: «Astean sei egun daude lanerako; etorri egun horietan sendatzera, eta ez larunbatean». Jaunak erantzun zion: «Itxurazaleok! Zuetako nork ez du larunbatez idia nahiz astoa ukuilutik askatzen eta ura edatera eramaten? Eta Abrahamen ondorengo den honi, hemezortzi urtez Satanasek lotua eduki duen honi, ez ote zitzaion larunbatez lokarri hori askatu behar?». Hitz hauekin, lotsa-lotsa eginik geratu ziren Jesusen etsai guztiak; jendetza, ordea, pozik zegoen hark egiten zituen gauza miragarri guztiengatik.

Lukas 13, 10-17.

Gertakaria ez dago data zehatzean emana: “aldi hartan”. Lukasen zenbait testutan, nahiko ohikoa da noiz-nonez argitzea. Oraingoan funtsezko bi aipamen: larunbata zen eta sinagogan zeuden. Hortik aurrera, nahiz eta beste ezaugarri askorik ez izan, oraingorako baliagarri zaigu andre konkortu batekin gertatua zela.

Andre makurtuaren itxura ahuleziaren ezintasunez zizelkatua zegoen: lurrera begira, ezinezko baitzitzaion begirada harago altxatzea. Ba, sendatua geratu zen. Ez soilik sufritzen zuen ezintasunetik sendatuta zegoelako, baizik zituen kateetatik aske geratu zelako: “emakume, geldi zaitez libre zeure gaitzetik”.

Kontua ez da Jesusek sendatu zuela. Loturetatik aske geratu zen. Beraz, andreari eskaini zion lehen urratsa zen ezintasunean ere ahalduntzen saiatu zedila.

Eta galdera: zelako ahalduntze mota iradoki zion Jesusek? Ba, konfiantza izateko eta beste pausoren bat emateko, kateatuta egotetik askatzeko. Konfiantza atxiki eta aldez aurretik sentitzen ez zituen baliabide askatzaileak barruan zituela ohartu zen.

Gertakari horrek, zirimiri finak bezala, galdera sarkorra dakarkigu: azken aldian zerk nauka zapalduta edo estututa? Askatzeko biderik izango ote dut?

Patxi Otamendi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.