HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 23
Aldi hartan, parabola hau esan zien Jesusek beren burua zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei: «Bi gizon igo ziren tenplura otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela egiten zuen otoitz bere barruan: “Eskerrak ematen dizkizut, ene Jainko, besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile, adulteriogile; ezta horrako zergalari hori bezalakoa ere. Astean bitan egiten dut barau, eta ditudan guztien hamarrenak ematen ditut”. Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak zerura jasotzera ere ausartzen, baizik eta bular joka ari zen, esanez: “Ene Jainko, erruki zakizkio bekatari honi!” Hara zer diotsuedan: azkeneko hau Jainkoarekin adiskideturik itzuli zen etxera; bestea, berriz, ez. Izan ere, bere burua goratzen duena beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena goratu».
Lukas 18, 9-14.
Kontakizuna hasi baino lehen, parabolaren helburua emana dago: “besteak gutxiesten zituzten batzuei” zuzendua da. Beren buruak goratzeko besteak beheratzen aritzen diren horiei. Itxuraz, berriro ere fariseuak gaizki uzteko jaurtigaia ote da parabola hau?
Izan zitekeen Jesus antzemanda egotea ikasleak ere hanpatzen hasiak zirela fariseuen harro-bide berdintsuetan. Ez ditu ikasleak aipatzen; fariseua, ordea, lehen esalditik otoitzean kokatzen du. Eta fariseuaren harrotasunaren parean, zergalari damutua.
Lehenak arrazoi ugari du harro eta ase sentitzeko: zenbait gaiztakeriatan erori ez eta merituzko ekintza onez beterik du kontzientzia. Kontuak ongi ateratzen zaizkiola sendotzeko erabiltzen du otoitza. “Bere barruan otoitz egiten” ziharduela kontatzean, ez ote zaio nabari otoitza bere ustea puzteko erabilgarri zaiola? Otoitzaren lehen bi-hiru hitzak Jainkoari eskaini eta hurrengo guztiak bere buruari. “Jainkoa” behin aipatuta, jarraian “Ni” Ni” “Ni”. Antza, Jainkoari eskerrak ematen ari da, baina finean bakarrizketan dabil, berezia eta aparta sentitu arte.
Damutuak, bestalde, gutxi du esateko eta asko damutzeko. Buru makur, urrunduta, ezinezko zaio okerrak ezkutatzea.
Konparatuta, geure barrura begiratuta, esango genuke ez ginatekeela fariseuaren norberekerian eroriko. Ziur ezetz?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.