HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 20

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Lurrean sua jartzera etorri naiz, eta nahiago nuke dagoeneko sutan balego! Heriotza-urean murgildu behar dut, eta hau larria hori bete arte! Munduari bakea ekartzera etorri naizela uste al duzue? Bakea ez, banaketa baizik. Zeren hemendik aurrera, etxe bateko bost senideak banaturik egongo baitira: hiru biren kontra eta bi hiruren kontra; aita semearen aurka eta semea aitaren aurka, ama alabaren aurka eta alaba amaren aurka, amaginarreba errainaren aurka eta erraina amaginarrebaren aurka».

Lukas 12, 49-53.

Lukasek gaurko ebanjelioan kristautasunaren hasieran gertatutako errealitatea erakusten digu: Jesusek esaten eta egiten zituen gauzak orduko gizartean zeharo arrotzak ziren eta, onartuz gero, Jesusi jarraitzea erabakiz gero, banaketa sortuko zen, hurbilenekiko banaketa ere bai.

Ondo pentsatuta, gaur ere gauza bera gertatzen da. Sarritan Jesusen proposamenak eta gure ustez zentzuzkoak diren bideak gauza bera direla uste izaten dugu. Baina Ebanjelioa serio hartuz gero, Jesusek gure lekuan egingo lukeena egiten saiatzen bagara, erradikalak, utopikoak eta are benetako fedearen etsaiak garela esango digute batzuek.

Pasartearen hasieran Jesusek bataioa aipatzen du: heriotza-uretan murgiltzea, alegia. Mediterraneo osoko kulturetako errituala zen: uretan murgildutakoan “hil” egiten ziren eta uretatik ateratzen zena neofitoa zen, gizaki berria, aurreko esklabotasunetatik libre biziko zen pertsona. Hortxe egon daiteke gakoa, beraz: Jesusi jarraitzeak larria eta banaketa ekar ditzake, egia da; baina era berean askatasunaren sua bere baitan daraman beste bizimodu berri bat ere ematen digu. Ez al dugu izan inoiz esperientzia hori?

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.