Donosti Ereski Gregoriar schola
2021
Liburua (15 euro); bi CDak (15 euro)
Nikolas Ormaetxeak ‘Orixe’ren heriotzaren 60. urteurrena eta Donosti Ereski Elkartearen sorreraren 50. urteurrena direla eta, Donosti Ereski Gregoriar scholak Orixe’ren oparia: Gregoriano euskaraz liburua eta bi CD argitaratu ditu, non Juanjo Iturrioz, Joxean Escribano eta Jokin Otamendiren zuzendaritzapean, Donosti Ereski Gregoriar scholak ederki abestutako 100 liturgia-kantu (musika partitura eta guzti) bildu dituen. Mimo eta gustu handiz egindako lan eder atsegingarria. Zein euskaldun ez da hunkitzen ‘Veni Creator’ edo ‘Stabat Mater dorolosa’ euskaraz eta gregorianoz entzutean… noren eta Orixeren itzulpena? La crème de la créme.
Kantu-partiturak hamaika zatitan banatuta daude: Sarrerak, Gradualak, Neurtitzak, Birleloak, Gorazarreak, Eresiak, Kantikak, Denetik… eta partiturak notazio gregorianoan eta notazio modernoan eskaintzen zaizkigu.
Ez da espazio hau gregorianoaren edertasuna, ezta Orixeren itzulpenen maisutasuna goraipatzeko ere (guk baino askoz hobeto egin baitzuten Andima Ibinagabeitiak eta Koldo Mitxelenak), baina komenigarria zaigu argitalpen honen premia eta egokitasuna nabarmentzea.
Ile-urdinak orrazten ditugunok gogoratzen dugu nola, urte asko ez direlarik, gure herrikoek (xume-xumeek ere, agure zein atsoek, mutiko zein neskatoek) zein ederki abesten zituzten kantu gregorianoak (Salve Regina, Pange lingua, Veni, Creator…) latinez gainera! Aitzitik, gaur egungo liturgia-kantuek, oro har, ez ohi dute lortu antzinako musika gregorianoaren presentzia eta indarrik berreskuratzea. Galera penagarria. Zer dauka musika gregorianoak: herrikoitasuna, erraztasuna, sinpletasuna, sakontasuna… gaurko abesti gehienek lortu ez dutena?
Gure liturgia eta elizkizunetako musika nola pobretu den ikusita, ORIXE’ren Oparia: Gregorianoa euskaraz argitalpenaren egokitasuna nabaria zaigu bai euskarazko liturgia kantuak berreskuratzeko, bai otoitz-uneak berotzeko.
Aprobetxa ditzagun beraz argitalpen honen liburua eta CDak: lehenik, otoitz egiteko orduan musika ezinbesteko laguntza zaigulako: Abestea bi aldiz errezatzea da (San Agustin?); eta bigarrenik, elizako partaide guztiek ondo abestea gero eta beharrezkoa zaigulako, gaur egun erdi ahaztu zaiguna… eta horrelaxe doakigu feria.
0 Comments