HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 19

Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Hartu gogoan hau: etxeko nagusiak, lapurra zein ordutan etorriko den jakingo balu, ez luke etxea zulatzen utziko. Egon prest zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea». Pedrok galdetu zion: «Jauna, guretzat ala denentzat esan duzu parabola hau?». Jaunak erantzun: «Izan zaitezte etxezain leiala eta zentzuduna bezalakoak, nagusiak, bere orduan behar den janaria banatzeko, morroien buru ipini duena bezalakoak. Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu! Benetan diotsuet: bere ondasun guztien buru ipiniko du. Baina morroia, nagusiak luzatuko duelakoan, morroi-lagunak eta neskameak jotzen eta jan-edanean eta mozkorkerian hasten bada, gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, gogor zigortuko du eta desleialek merezi dutena emango dio. Nagusiaren nahia zein den jakin arren, gauzak hark nahi bezala eratzen edo egiten ez dituen morroiak zigor gogorra izango du; nagusiaren nahia zein den jakin gabe, zigorra merezi duen zerbait egiten duenak, berriz, biguna. Asko eman zitzaionari, asko eskatuko zaio; eta askoren kargua eman zitzaionari, are kontu handiagoa eskatuko».

Lukas 12, 39-48.

Jainkoak ez du zuzenean esku hartzen gure historian eta gure historietan, gure bitartez baizik. Gure eskuetan dauden gauzak egokien ikusten dugun moduan egiten saiatzen gara eta, bide horretan, noizean behin Jauna aurkitzen dugu, sarri askotan gutxien espero dugunean, Jaunarekin topo egiteko kontu horretan ekimena berea baita, ez gurea. Egon gaitezen prest momentu horretarako!

Eta zer eskatzen digu Jainkoak? Etxezain leialak izatea, hau da, gainerakoei “janaria bere orduan” ematea. Jainkoak eman digun agindua horixe da: besteentzako elikagai izatea, batez ere gu baino beherago daudenentzako elikagaia izatea. Jauna heltzean agindu hori betetzen aurkitzen bagaitu, zorionekoak izango gara, gugan duen konfiantza berretsi eta areagotuko duelako.

Kontua, dena den, Jesusek dioskunez, ez da emaitza onak lortzea, dakigun neurrian, gaitasuna eman zaigun neurrian, saiatzea baizik. Inork ez digu kenduko erabakitzeko erantzukizuna, baina eskatu, daukagun ahalmenaren arabera eskatzen digu Jaunak. Hori bai, gure onerako besteen kaltean jokatzen badugu, desleialek merezi dutena jasoko dugu.

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.