HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Urriak 18
Aldi hartan, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta leku guztietara. Eta esan zien: «Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Egin,beraz, otoitz uzta-jabeari bidal ditzala langileak bere uztara. Zoazte! Arkumeak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten. Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei!” Eta han bakezalerik bada, haren gainean kokatuko da zuen bakea; bestela, berriz, zuen bakerik gabe geldituko dira. Geldi zaitezte etxe berean; eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe. Herriren batean sartu eta ondo hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Hurbil duzue Jainkoaren erreinua”».
Lukas 10, 1-9.
Testu hau lehen kristau elkarteentzat idatzi zen, baina guretzat ere idatzita dagoela sinesten dugu. Guretzat hizkera arraro samarra duen arren, Jainkoak gugandik zer espero duen jakiteko zenbait irizpide dakartza. Ikus ditzagun batzuk.
Lehendabizi Jesusek bazekien lana ez dela erraza, bere mezuen kontrakoak aurkituko ditugula eta edozeinek ez gaituela ondo hartuko. Izan ere, Jesusen mezua bakarrik onartzen dute salbatzeko beharra sentitzen dutenek, eta hauek ez dira izaten aberatsen eta boteretsuenak, edo sarritan gauzak aldatzeko ez dirudi haiengana zuzentzea gauzarik eraginkorra denik. Eta hala ere, argi esaten digu: “gelditu etxe berean eta haiek bezala bizi”.
Eta gero zer? Bada, Jesusek berak egiten zuena. “Sendatu gaixoak”, hau da, askatu jendea sufrimendua eta bazterkeria eragiten dioten kalteetatik eta gero esan: “Jainkoak guretzat askatasuna, berdintasuna, duintasuna, senidetasuna… nahi ditu; hori guztia posiblea da eta hurbil daukagu”. Lehenago, hori bai, geuk sinetsi behar dugu. Otoitz egin dezagun, sinesteko eta jende gehiagok ere sinets dezan.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.