Ate ondoan, Jesusek noiz joko zain

2022 Urr 17

Jesus ate joka, eta gu zain ez izenburuko nire aurreko artikuluan Jesusenganako bidean aurrez gure baitan, gure jarreran, baldintza batzuk, aurrez jarrera bat eman behar zirela nioen. Jesusen garai berean Jesusi jarraitzea ez zela inondik samurra izan aipatu nuen. Oso zergati ezberdinak tarteko, egungo garaiaren ezaugarriek ere ez dute erraz jartzen Jesusenganako bidea. Bizi dugun garaia, bere forma egonkortua tarteko, ez dugu inondik ere sinismenerako batere aldeko. Hala eta guztiz, badakit, horrekin batera, espiritualtasuna, gehienetan jada oso molde deserakundetuan, ari dela gora eta gora egiten azken hamarkadan. Gertakari honek bertan behera uzten ditu Modernitatean aspaldi jada iragarritako erlijioaren hil-kanpaiak. Norbanakoaren espiritualtasuna gora egiten ari bada ere, norbanakoaren jarrera gisa, gizarte-mailan horren aitorpen kolektiboak ez du lekurik aurkitzen.

 Ugari dira aipa genitzakeen zergatiak: aurreko garaietako espiritualtasun-jarrerek gure garaiko ezaugarriekin nekez bat egin ahal izatea; arrazionalismoak, agindutakoa betetzerik izan ez badu ere, nahiz eta egun jada “erdi onartu” dituen munduaren eta biziaren azken zentzuarekikoan bizi dituen muga eta ezinak, bidean oso ikuskera zientista eta materialista utzi dizkigu ondorio gisa Mendebaldean…Labur-zurrean: egungo eguneko gizaki mendebaldarrari zinez zail eta nekoso zaio bertatik bertara ikus eta hauteman daitekeen horretaz haragokoan pentsatzea, edo gutxienez, horren berri ematea –bestela esanda, gizakia munduaren biziera arrunt materialistan amildu da–. Honek guztionek aurreko artikuluan “galdera azkentiartzat” jotzen nituen horiei uko egitea ekarri du ondoren gisa. Hartara, egun, gizarte mailan, erlijioak, bizipen kolektibo gisa, ateak oso hertsiak aurkitzen ditu eta, ondorioz, bizitza bera ere oso zikiratua geratu zaigu.

Jainkoarenganako bidearen zer-nolakori dagokionean, ezin argiagoak zaizkigu San Pauloren hitzak: “Jainkoa ez dago gutako bakoitzarengandik urruti, zeren harengan bizi baikara eta harengan mugitzen”, baina, halere, “itsumustuka” baino ezin dugu aurkitu (Eginak 17, 26.28). Haztamuka, hortaz, hurreratu ahalko gara misterio aldera, eta berori lainoki baino ezin izango dugu begiztatu eta bereak lausoki baino ez aditu. Ekin beharreko aipatu jarrera horretaz bezainbatean, egoki ere egoki deritzot San Inazioren iritziari. Bere jarrera askozaz gertuago dago San Agustinen gizakiaren ikuspegi integraletik, ezen ez Descartesencogitoren ikuskera mugatutik. Hobeto hartzen du aintzakotzat osozko gizakia, bere subjektibitate guztia ere barne bere pentsamenduen gatibu eta esklabo geratuko ez den gizakia, alegia.

Guztiz baliogabe-edo geratu zaigu garaiotan misterioa. Azken finean,  iluntasunarekin guztiz eta hertsiki lotuta ulertu izan dugu misterioa, eta, hortaz, zeharo zokoratua geratu zaigu. Aldiz, oso bestela ulertu beharko genuke misterioa, eta berau, San Agustinekin esanda, guztiz inoiz ulertzen ez dugun errealitatetzat jo. Areago ere joanda, zera ere esan liteke, guztiz ulertu gabe ere, sakon bizi eta esperimentatu dezakegun horrekin parekatu dezakegula misterioa.

Oso paradoxikoak ditugu bizia eta mundua, paradoxikoak bezain sakonak, esango nuke nik. Izan ere, Jainkoak bere irudiko egin bagintuen, mundua berau ere jainkozko izan beharko litzaigukeelako da. Ezin bat bestea gabe eman, elkarren beharra dute derrigor. Paradoxa hori azaltze aldera,  San Joanen “mundutik atereak” izan garen ideia hartu beharko genuke aintzat, edota, “munduan egotea eta aritzea jada mundukoak izan gabe”ko ideia. Ebanjelioaren arabera, hortaz, badirudi munduan mundutarrago izateko “mundutik at” edota “mundukoak izan gabe” jardun behar dugula. Ebanjelio osoa, alderik alde, dago paradoxa horrek zeharkatua. Jesusi jarraitu nahi dionak bere buruari uko egin behar dion ideia dugu agian paradoxa horren are adierazpenik garbiena.

Munduaren eta biziaren Egia den Jesus mundutik at baino ezin izango dugu antzeman. Jesus izan genuen haren adierazgarririk argiena. Bere misio ibilbidearen hastapenean muin-muineko baitugu munduak luzatu zion tentaldiari egindako ukoa; dena eta ez dena eskaini baitzion deabruak berau adoratuz gero; Jesusek baina ez zuen amore eman, ez zen amarruan erori (Lk 4,5-8). Zenbatetan ez zaigun guri antzetsukorik gertatu geure bizitzan zehar! Zenbatetan egoten garen zenbait eta zenbait gauza gutiziagarri lortzeko abagunearen aurrean edo lortzeko irrika bizian!, nahiz eta bizitzaren sakona bere barne muinetik xuxurlatzen ari zaiguna bide guztiz bestelako bat luzatzen ari zaigun.

Bizi dugun garaiko materialismoak eta hortik segitzen den mundu-ikuskerak etekina dute helburu, dena dute zenbatzen, eta dena materialki optimizatu nahi. Joera hau, gainera, ziztuan lerratzen da norberaren ongizate materialera, talde mailako benetako elkartasuna guztiz arrakalatuz. Horren tiranian zein gatibualdian bizi gara. Gure garaiko pentsamolde delako hori ez da filosofia mailako zerbait abstraktu hutsa, ez, gure bizitza-ibilbidea, gure eguneroko erabakirik garrantzitsuenak ari da une oro bere galbahetik pasatzen. Hor ari zaigu une oro eta eten-gabe, bere irizpide eta neurria ezarri nahian, hain era indartsu eta saihestezinean, ezen, horren diktaduraz, jada, ez baikara kontziente ere.

Kanpoan, gatibualdi horretatik at, zabalgune baztergabe bat dugu zain, ezin aberatsagoa den errealitatea, inoiz eta inola zenbatu eta zedarritu ezin izango dugun mundu baztergabea bat. Askotan eman dezake Jainkoaren eta munduaren artean egin behar dugula hauta, eta ez da horrelakorik zabalgune horretaranzko igarobidea urratuz gero. Kanpoaldean, ikuskera-gatibualdi horretatik kanpo, gure bihotza bera Misterioaren osina dugu. Norberak, osin horretan gaindi sakonduz gero, besteak ere badaudela, lagun hurkoa badagoela ikusiko du, eta askoz gehiago ere bai. Baztergabea den delako hori, haztamuka, lauso eta lainoki baino senti ezin dezakegun xuxurla hori, askozaz ere sentigarriago eta zehatzago bilaka dakiguke, Bidea, Egia eta Bizia den Jesus besarkatuz gero.

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude