HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 16

Aldi hartan, etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, parabola hau esan zien Jesusek: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaile harengana joaten zen, eskatzera: “Egidazu justizia aurkariarekiko auzian”. Luzaroan epaileak ez zion kasurik egin nahi izan, baina azkenean bere baitan esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egingo diot justizia, behingoz bakean utz nazan”». Eta honela bukatu zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak, ez ote die justizia egingo, gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu?».

Lukas 18, 1-8.

Batzuetan otoitz egitean, eguneroko gauzak (gaixotasuna, arazoak…) konpontzeko eskatzen diogu Jainkoari. Eta esperientziaz dakigu hori, sarritan behintzat, ez dela gertatzen. Zer esan nahi digu Jesusek bada, etengabe otoitz egiteko dioskunean? Zer, berak ere hiltzerainoko injustizia Jainkoak esku hartu gabe jasan bazuen? Lukasek beste pasarte batean honela azaltzen digu: “zenbatez areago ez die zeruko zuen Aitak Espiritu Santua emango eskatzen diotenei?” (Lk11,13).

Jainkoak ez du zuzenean gure historian esku hartzen, gure bidez baizik. Bere Espiritua ematen digu, bere ekintzak geuk egin ditzagun. Otoitza, beraz, ez da Jainkoari egiten diogun “mesede” bat, konfiantza Jainkoagan ipini eta bere eskuak izateko indarra eta argia lortzeko behar duguna baino. Otoitzaren bidez eskerrak emango ditugu, justiziaren eta elkartasunaren alde egiten dutenengan Jainkoaren eskua ikusten jakingo dugulako; eta argia eta indarra eskatuko ditugu, justiziaren eta elkartasunaren aldeko konpromisoa hartu ahal izateko. Eta hori guztia eman egingo digu Jainkoak. Eta horrela sortuko dira bakea, barkamena, elkartasuna, justizia…

Bittor Uraga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.