HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 15

Aldi hartan, Jesusek esan zuen: «Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei eta burutsuei gorde eta jende xumeari agertu baitizkiozu. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere, Semeak baizik, eta Semeak agertu nahi dionak baizik. Zatozte nigana nekatu eta zamatu guztiok, eta Nik arinduko zaituztet. Hartzazue nire uztarria eta ikasi nigandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz, eta aurkituko duzue zeuen arimentzako atsedena. Nire uztarria leuna baita, eta nire zama arina».

Mateo 11, 25-30.

Ezagutza ezinbesteko baldintza da pertsonen eta gizarteen garapenerako. Betidanik, kultura guztiek onartu dute jakindurian ezinbesteko balioa zutela aurre egin behar zieten erronkei aurpegia emateko. Zientziaren aurrerapenak eta horren ondoriozko garapen teknologikoak, biak idolatratzera eraman gaituen ingurune batean bizi gara. Gainerako jakintzak zilegitasuna galdu dute.

Gaur, Ebanjelioak harrituta uzten gaitu Jesusen gorespen kantu batekin. Jainkoak bere begiak jende xumearengan jarri ditu Erreinuaren iragarpena eta misioa jaso dutelako, nahiz eta jende horrek ez duen aparteko ezagutzarik. Jainkoaren aurpegia aurkitu dutenak beraiek dira. Horregatik, nekaturik eta atsekabeturik daudenak jakinduria honetan parte hartzera gonbidatuz amaitzen du gorespen kantu hau. Jasotako misioa ez da errazagoa izango, baina eramangarria izango da.

Salbazioa ez dago legearen ezagutzan, nolabaiteko segurtasuna eta onarpen soziala ematen digun horretan. Jainkoa antzeman eta sentitzeko gai izateak ematen duen jakindurian datza salbamena. Atzoko ebangelioaren harira, bihotza Jaunari atxikituta izatean dago gakoa.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.