HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 13

Aldi hartan, Jaunak esan zuen: «Ai zuek, zuen arbasoek hildako profetei hilarriak eraikitzen dizkiezuenok! Horrela, arbasoek egindakoarekin ados zaudetela aitortzen duzue; zeren haiek hil egin baitzituzten profetak, eta zuek hilarriak eraikitzen baitizkiezue. Zerbaitegatik esan zuen Jainkoaren jakinduriak: “Profetak eta apostoluak bidaliko dizkiet eta batzuk hil eta beste batzuk erasoka erabiliko dituzte”. Baina munduaren hasieratik isuri den profeta guztien odolaren kontuak eskatuko dizkio Jainkoak gizaldi honi: hasi Abelen odoletik eta aldaretik santutegira bitartean hil zuten Zakariasen odoleraino. Bai, Nik diotsuet gizaldi honi eskatuko dizkiola kontuak. Ai zuek, lege-maisuok, jakintzaren ateko giltzaren jabe egin zaretenok! Zuek ez zarete sartu, eta sartu nahi zutenei ez diezue utzi». Jesus handik atera zenean, fariseuek eta lege-maisuek gupidarik gabe eraso zioten, galderak egin eta egin, ea erantzun okerren batean harrapatzen zuten.

Lukas 11, 47-54.

Gure inguruan bizi dugun eliz urritze honetan, maiz defentsiban jartzeko tentazioa izaten dugu eta, ondorioz, fedea ideologia bihurtzen dugu, Jesusena gure irizpide eta usteen arabera erabiltzen dugun zerbait bihurtuz. Dogmen zaindari izateak Espiritua itotzen du. Agian, Izpirituak putz egiteari utzi baino gehiago, ideologia bihurtutako fedea temati defendatzen ari garelako gu gara Izpiritua entzuteko gaitasuna galdu dugunak.

Gaurko pasartean, Jesusek ortodoxiaren zaindariak salatzen ditu Jainkoarengana sartzeko sarrailaren giltza bereganatu dutelako, baina bere ideologiaren arabera eta ez beti Jaungoikoaren Jakinduriaren arabera. Asko galtzen badira, zaindari horiengatik da, ez galdu nahi direlako.

Gaurko gonbidapena Izpirituari eta bizitza egindako otoitzari adi bizitzeko da, gure ideologia partikularretan ito ez gaitezen. Horrela, prest egongo gara mugetan zubiak izateko, edozein ertzetatik Jaunaren ertzera igaro ahal izateko.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.