HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 11

Aldi hartan, Jesusek hitzaldia bukatu zuenean, fariseu batek bere etxean bazkaltzera gonbidatu zuen. Jesus sartu eta mahaian jarri zen. Fariseua harriturik gelditu zen bazkal aurretik eskuen garbikuntzarik ez zuela egin ikustean. Orduan, Jaunak esan zion: «Zuek, fariseuok, edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, zeuek barrutik lapurretaz eta gaiztakeriaz beterik zaudeten bitartean. Zentzugabeok halakook! Ez ote du kanpokoa egin zuenak berak egin barrukoa ere? Hobe zenukete daukazuena limosnatzat emango bazenute! Horrela, gauza guztiak garbi izango lirateke zuentzat».

Lukas 11, 37-41.

Pertsonok asmo onak izaten ditugu. Ez da hain erraza modu irekian asmo txarreko ekintzak onartzen dituen pertsona batekin topo egitea. Hala ere, gure istorio partikularrak ez daude azken hauetatik libre. Gure kontzientziari jarraitu edo hau isilarazi sarriegi agertzen zaigun zalantza da. Gu, fededunok, honetan ere ez gara salbuespena.

Gaurko ebanjelioak Jesusen hitz apal eta sakonak aurrez-aurre jartzen dizkigu: fariseuaren bihotza ez dago Jainkoarekin, ez da bihotz apalekoa. Jesusen beste salaketa ausart bat da. Hitz horiek arau-hauste baten berri ematen diote agintaritzari, Moisesen Legearen zaintzailea itxuraz, baina arau-hauslea ere.

Gaurko pasarte honetan, Jesusek gure ekintzak baino gure bihotza berrikustea eskatzen digu. Galdera ez du zuzentzen gure ekintzak arakatzera, baizik eta gure bihotzean begiratzera. Jainkoarekin al dago? Jesusek Pedrori egin zion galdera – “maite al nauzu?” – gure buruari egitera ausartzen al gara estalgabetzen dugun begitarte bakoitzean?.

Jon Arruti

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.