Bidea ez da hori (Lk 13, 22-30)

2022 Urr 10

Guk ere
Jesusen irakatsiak entzun ditugu, Jauna,
eta erakargarri egin zaizkigu:
erregetza,
justizia,
elkarrekiko senidetza,
duintasuna…
Baina, aldi berean, badakigu
Jesusek gauza horiek esaten zituenean,
Jerusalemera zihoala,
heriotzara, beraz
(nahiz eta gero piztuera omen datorren).
Eta beldurra sartzen zaigu,
guri ere arazoak etorriko zaizkigu‑eta,
eta horretarako duin izango ote garen zalantza, jakina.
Horregatik Jesusengana jotzen saiatzen gara:
harekin ogia jan eta ardoa edatera,
hark esandakoak behin eta berriro entzutera…
horrela zure etxera sartzeko
merituak egingo ditugulakoan.

Jesusek, ordea, argi esaten digu:
“Bidea ez da hori;
ondo dago nire hitzak entzutea,
primerakoa zaizue
nire ogi-ardoak elkarrekin partekatzea;
baina horrek bakarrik ez du ezertarako balio,
erregetzaren baloreak
gauzatzen ez badituzue:
justizia,
senidetasuna,
denen duintasuna,
elkartasuna…
Amodioa!
Saia zaitezte, beraz,
ate estu horretatik sartzen.
Estua eta zaila dirudi,
eta halaxe da,
baina etxearen jabea den
Aita‑Amarengana heltzeko bidea da.
Gainerako bideek ez dute balio”.

Eskerrik asko, Jauna, Jesusen hitzengatik.
Eskerrik asko gure aurretik joan diren
lekuko eta profeta handi eta txikiengatik.
Eskerrik asko zuganako bidean
lagundu diguten guztiengatik.
Eskerrik asko,
Jesusek irakatsitako ate horretan sartzen
saiatzen garen bakoitzean
zugandik hurbilago gaudela sentitzen dugulako.

Zure proiektuarekin
konpromisoa hartu nahi dugu, Jauna…
baina zaila da oso,
batzuetan batez ere.
Zure atetik norabide guztietarantz
urrundu garela ematen du
eta ez dakigu itzultzeko bidea aurkituko ote dugun.
Eraman gaitzazu zeuk, gauden lekuetatik.
Emaguzu ogia, eman ardoa,
elkarrekin jan eta edateko,
eta gogorarazi Jesusen esan‑eginak.

Horrela azkenekoak izaten
ahalegindu ahalko gara,
eta zure etxean sartzen ere bai.