HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 7

Aldi hartan, Jesusek deabru bat bota ondoren, jendarteko batzuek zioten: «Deabruen buruzagi den Beeltzebulen indarrez botatzen ditu honek deabruak». Beste batzuek, azpikeriaz, Jainkoagandiko seinale bat eskatzen zioten. Igarri zizkien Jesusek beren burutazioak eta esan zien: «Bere baitan zatiturik dagoen erreinua erraustu egingo da eta etxea etxearen gain eroriko. Era berean Satanas ere: bere baitan zatiturik badago, nola iraun dezake haren erreinuak? Zuek diozuenez, Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen ditut. Baina Nik deabruak Beeltzebulen indarrez botatzen baditut, noren indarrez botatzen dituzte zuen ikasleek? Horregatik, zeuen ikasleak izango dituzue epaile. Baina Nik deabruak Jainkoaren indarrez botatzen baditut, garbi dago iritsi dela zuengana Jainkoaren erreinua. Gizon indartsu batek, armaturik, bere jauregia zaintzen duen bitartean, seguru dauzka bere ondasunak. Baina indartsuago den batek eraso eta menderatzen badu, segurantzia ematen zioten armak kendu eta banatu egiten ditu hari harrapaturiko ondasunak. Nire alde ez dagoena nire aurka ari da, eta nirekin biltzen ez duenak sakabanatu egiten du. Espiritu gaiztoa, norbaitengandik atera ondoren, leku idorretan barrena ibili ohi da atseden bila; baina aurkitzen ez duelarik, bere buruari esaten dio: “Itzul nadin atera nintzen neure etxera”. Iristean, etxea garbitua eta apaindua aurkitzen du. Orduan, joan eta beste zazpi espiritu hartzen ditu, bera baino gaiztoagoak, eta gizakiagan sartu eta bertan jartzen da bizitzen. Horrela, pertsona horren azken egoera lehengoa baino okerragoa gertatzen da».

Lukas 11, 15-26.

Gaurko ebanjelioaren pasartean, sinesgabetasuna eta ukapena sortu eta hazi egiten direla ikus dezakegu. Jesusen garaiko jendeak, berak egiten duen ongia Jainkoaren boteretik datorrela ukatzen du. Berak, ongiak gaizkia gainditzen duela eta gaizkiak ongia geldiarazten duela adierazten du.

Gizakiak garen aldetik, ezin gara beti gure buruaz fidatu. Jainkoaren botereaz fidatzea, gure bizitzako gertaera guztien, munduko gertaera guztien eta unibertsoko aparteko gertaera guztien iturrian norbait “boteretsu” eta maitekorra dagoenarengan fedea izatea da.

Gure eguneroko bizitzarako gonbidapen bat dugu: otoitz egiteko eta bereziki Jainkoarengandik datorren ongia goraipatu eta eskertzeko etenaldi bat egitea.

Jainkoaren Espirituak beti eramango gaitu Bizira eta Egiara. Beste “izpiritu” edo “hots” batzuek promesa faltsuekin distraitu gaitzakete, baina ez diegu beldurrik izan behar Jainkoaren bidea zintzoki bilatzen dugunean eta Jesusen Hitzei jarraitzen diegunean.

Otoitz egin dezagun Jainkoaren ahotsa entzuteko beti adi egon gaitezen, benetako bizitzara eramaten gaituen bidea aukera dezagun.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.