Jesusen Haurraren Santa Teresaren Komunztadurak

2022 Urr 6

Nafarroan Donamariako karmeldar oinutsek merezitako ospea dute gutako askoren artean. Monasterioa txikia izan arren, xarmagarria da, eta isiltasuna eta sosegua babesten dituen paraje zoragarrian kokatuta dago; otoitz pausatua egiteko ostatu  gomendagarria.

Baina Donamariako monasterioaren erakargarritasunik handiena ez da bere kokaleku ederra, bertan bizi diren hamazazpi moja karmeldarren komunitatea baizik: abegikorrak eta alaitsuak, irekiak eta familiarrak, diskretuak eta zerbitzariak, euskara errespetatzen dutenak.

Beti deigarria izan zait espiritualtasun karmeldarrak duen ‘no sé qué’ hori (sic, San Joan Gurutzekoa), mendez mende bizitasun harrigarria gordetzen duena, erlijiositate berriztatzailearen agerraldi berriak sortuz eta sortuz: Santa Teresa Jesusena, San Joan Gurutzekoa XVI. mendean, Santa Teresa Lisieuxkoa XIX. mendean, Santa Isabel Hirutasun guztiz Santukoa eta Andesko Santa Teresa XX. mendean… Zer du erlijiositate karmeldarrak kristau kalitateko hainbeste santutasun-fruitu ematen jarrai dezan otoitz eta lanaren  gurutzaketa horrekin, irakurketa espiritual eta sakramentu praktikarekin, isiltasun eta anai-arreben arteko elkarrizketarekin, basamortuarekin eta ostatu-hartzaileekiko arreta arduratsuarekin, itxiera eta ardura apostolikoarekin?

Kontua da Jesus Haurraren Santa Teresaren komunztadurak delako liburua karmeldarren erlijiositatearen emaitza dela. Konkordantzia horiek, Parisko Sorbonako Unibertsitatean Letretan doktoratua den Donamariako Michèle Marie Thomyren arrebak prestatu ditu. Gaztelaniaz zeuden Santa Teresa Jesusenaren Lan eta Idatzien Konkordantziak (1982) eta San Juan de la Cruzen idazkien Konkordantziak (1990) eta frantsesez Les Mots de Sainte Thérese de L ‘Enfant-Jésus (1996). Haatik, Lisieuxko Santa Teresaren idazkien komunztadurarik ez. Gaur gomendatzen dudan liburua hutsune hori betetzera dator, eta, Michèle ahizpak dioen bezala, “Lisieuxko Teresaz interesaturik daudenei eta, agian, hizkuntza baten ezagutzagatik mugaturik dauden ikertzaile handiei zuzentzen zaie. Liburu hau miresleen, mintegien, monasterioen, espiritualtasun-taldeen, apezpikuen eta beste soziologo, antropologo, psikologo eta abarren apaletan aurkitu beharko genuke”.

Liburua dotore editatuta dago eta 1300 orrialdetik gora eta 2000 sarrera baino gehiago ditu, Lisieuxko Santa Teresaren espiritualtasunean sakontzen lagundu beharko liguketenak. Irakurle euskaldunoi, gainera, liburu honek Lisieuxko Santa Teresaren (Idazlan guztiak, Karmel, 1996) lan osoen euskarazko itzulpenerako konkordantzien bilaketarako sarbidea ematen digu.

Liburua erosteko (48 euro) Euskal Herriko elizbarrutietako edozein liburu-dendatan, Fonte eta Monte Carmelo argitaletxeetan edota Donamariako Karmeldarren monasterioan eska dezakezue (Uxarrea auzoa, 97, 31750 Donamaria – Nafarroa; Tel. 948 450066 eta 690 843 943; Karmeldona@telefónica.net

 

Oihartzunak (0 oihartzun daude)
L

0 Comments

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude