HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 2

Aldi hartan, apostoluek esan zioten Jaunari: «Handitu sinesmena gugan». Jaunak erantzun zien: «Sinesmena bazenute, mostaza hazia bezain txikia izanik ere, pikondo honi “atera hortik eta landatu itsasoan” esango zeniokete, eta obeditu egingo lizueke. Emazue, zuetako batek morroia duela soro-lanean edota artzaintzan. Morroia etxeratzean, “hator berehala mahaira” esango ote dio? Ez ote dio beste hau esango: “Presta iezadak afaria, jantzi aurreko mantala eta zerbitza nazak, nik afaldu bitartean; ondoren afalduko duk heuk?” Morroiari esker ona zor ote dio, agindua bete duelako? Zuek ere gauza bera: agindutako guztia egin eta gero, esan: “Morroi gizajoak gara; egin behar genuena besterik ez dugu egin”».

Lukas 17, 5-10.

Apostoluek Jesusi sinesmena handitzea eskatzen diote. Berak,  fedea Jainkoaren bizipen bat dela adierazten die. Beraz, kantitateak ez du zerikusirik. Mostaza aleak, ñimiñoa izan arren, hazirik handienak bezalaxe bizitza du. Gure barnean dagoen bizitza hori da benetan axola duena. Tamainak berdin dio. Fedea Jainkoaren dohaina da.

Ebanjelioak eskatzen digun fedea ez da munduaren gainetik edo mundutik kanpo dagoen jaun ahaltsu batenganako konfiantza. Jainkoarengan sinestea, biziaren alde lan egitea da.

Ebanjelio-pasarte honetan ere, Jesusek zerbitzua naturaltasunez bizitzea eskatzen du. Maitasunetik sortzen den zerbitzua da. Jainkoaren erreinua eguneroko jarrera eta ekintzetan hezurmamitzen da.

Jesusek jartzen duen adibideetako bat –itsasoan birlandatutako pikondoaren irudiarena–  ulertzea  kosta dakiguke. Berez, hiperbole bat da eta honen azpian dagoen esanahietako bat, Jainkoaren indar osoa gutako bakoitzarengan dagoela da. Berarengan konfiantza duenak, energia eta maitasun hori guztia eguneroko bizitzan hedatu ahal izango du, inongo ordainsaria eskatu gabe.

Pakea Murua

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.