HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Urriak 1

Aldi hartan, hirurogeita hamabi ikasleak pozez beterik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi: «Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izenean».  Jesusek erantzun zien: «Tximista bezala zerutik erortzen ikusidut Satanas. Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menperatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk ere kalterik egin. Hala ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako». Une hartan, Jesusek, Espiritu Santuaren pozez beterik, esan zuen: «Bedeinkatua zu, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsuei gorde eta jende xumeari agertu dizkiozulako. Bai, Aita, hala izan duzu gogoko. Nire Aitak dena eman dit, eta ez du inork ezagutzen Semea nor den, Aitak baizik; ezta Aita nor den ere, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak baizik».

Lukas 10, 17-24.

Egintza onengatik poza bakarrik ez da nahikoa, beharrezkoa da nondik sortzen den aztertzea, gerta ez dadin gure usteak, eman zaigun ahalmena, besterik gabe, geuregandik sortzen dela pentsatzea. Geure egite onaren sorrera ‘gorago’ edota ‘sakonago’ dago: “gure izenak -bakoitzarenak- zeruan idatzirik daudelako”; eta horrek ontasunera, hau da, betetasunera bultzatzen gaitu. Garrantzitsua horretaz jabetzea: bizitzazko bokazioa non oinarritzen den eta zertara garamatzan. Ze, horretan erreparatuz edo hori kontutan hartuaz, hainbat ekintza aldagaiak izan daitezke -arrazoi ugariengatik-; baina ondo sustraiturik baldin badaude eta apaltasunez eginda, han edo hemen, honela edota hala, Berri On izango dira eta bere fruituak bere garaian emango dute. Horrela, agian, Semeak Aita nor den agertzen jarraituko du. Gure ezpainetan, behin eta berriz, nekatu eta aspertu gabe otoitz eder hau geureganatuz: “Bedeinkatua zu, Jainkoa, zure gogokoa beti delako jende xumeari agertzera”. Bedeinkapen xamur eta bikain horretaz jabetzen al naiz? Besteen onerako ere neureganatzeko prest aurkitzen naiz?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.