HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 30

Aldi hartan, honela mintzatu zen Jesus: «Ai zu, Korozain! Ai zu, Betsaida! Izan ere, Tiro eta Sidon hiri jentiletan zuengan hainbat mirari gertatu izan balitz, aspaldi bihotz-berrituak ziratekeen, dolu-jantziz estali eta hautsean eserita. Horregatik, Tiro eta Sidonek zigor bigunagoa izango dute auzian zuek baino. Eta zu, Kafarnaum, zeruraino altxatuko al zara? Lurraren barreneraino eroriko zara! Zuei entzuten dizuenak niri entzuten dit, eta zuek onartzen ez zaituztenak Ni ez nau onartzen; Ni onartzen ez nauenak, berriz, bidali nauen hura ez du onartzen».

Lukas 10, 13-16.

Ohituretan murgilduta egoteak ez du esan nahi sakoneko mezua geureganaturik daukagunik; betetzea baino zerbait gehiago behar da. Eta hauxe da: mezua bihotzetik pasatzea sustraitzeko, eta benetako fruituak eman ditzan. Jakite hutsak ez darama koherentziaz jokatzera edota bizitzera. Korozain, Betsaida, Kafarnaum… izan gintezke, eta behin eta berriz Jesusen mezua entzuteagatik guztia badakigula pentsatu. Baina, ustekabean, gure inguruan, Tiro eta Sidonen antzera, egiazko egarri diren ‘jentil’ ugari egon daitezke bizitzazko mezua zabaltzen, eta guk aintzat ez hartu, gure ‘atzetik’ datozelako, edota bigarren mailako ikusten ditugulako. Kontuz non oinarritzen garen, zertan erreparatzen dugun eta zer zabaltzen dugun. Agian, gure hitzak Jesusen berri ona oztopatzen dute, eta tentuz ibili beharrean aurkitzen gara. Neure egunerokoan esan dezaket niri entzutea Jesusi entzutearen antzekoa dela? Jesus onartzea errazten al dut?

Arantxa Jaka

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.