HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 29
Aldi hartan, Jesusek Natanael beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen egiazko israeldarra, faltsukeriarik gabea». Natanaelek esan zion: «Nondik ezagutzen nauzu?». Jesusek erantzun: «Felipek zuri dei egin baino lehen, pikupean zinela, ikusi zintudan». Natanaelek erantzun zion: «Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara; Zu Israelgo erregea zara». Jesusek erantzun: «Pikupean ikusi zintudala esan dizudalako, sinesten al duzu? Handiagorik ere ikusiko duzu». Eta esan zion, gainera: «Egi-egiaz diotsuet: Zerua zabalik ikusiko duzue eta Jainkoaren aingeruak gora eta behera Gizonaren Semearen gain».
Joan 1, 47-51.
Benetan pozgarria eta eskertzekoa norbaitek esaten digunean (noski, bere baitan egi pittin bat badarama, behintzat): “Zu, bai, egiazko pertsona; zaren bezalakoa agertzen zarena”. Gaurko Ebanjelio zatian, Jesusek Natanaeli esaten dion antzera. Norberarekiko horrelako zerbait entzuteak harridura, sorpresa eta ustekabea sortzen du; eta erantzun bezala beste handiago bat sor dezake, Natanaeli bezala: “Maisu, Zu Jainkoaren Semea zara…”. Noski, hitz horiek aurkitze sakon batetik sortzen dira, eta egiazko bizia ahalbideratu; ez da nolanahiko topaketa. Horregatik, aurkitze horiek dira janaritu behar direnak; gainera, Natanaelen antzera, agian, ustekabeko zabaltasunera, berrikuntza pertsonalera ireki gaitzakete. Garrantzitsuena da sakon-sakonean bakoitzari egiten zaigun gonbidapenari eta jarraipenari irekitasunetik arretaz entzuten jartzea. Aldi berean, hori egiazko askatasunaren bidean jartzen gaitu bakoitzak osotasunerako duen bokazioaren arrastoan. Bideak merezi du, batzuetan malkarra gertatzen bada ere, egiazko askatasunak hainbat alderditatik askatzea eskatzen baitu. Badirudi gaur gure bizitzaren jo-muga erabat irekitzearen deia dugula, zerua bera ere irekitzerainokoa eta haratago. Eta gure gizarteak horren egarri sakona ere badu. Neuk beharra edota desioa sentitzen dut? Eta prest horren mezulari izateko.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.