HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Uztailak 28
Aldi hartan, Jesus eta ikasleak bidean zihoazela, batek esan zion: «Noranahi jarraituko dizut». Jesusek erantzun zion: «Azeriek badituzte zuloak eta zeruko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri». Beste bati esan zion: «Jarraitu niri». Baina hark erantzun: «Jauna, uztazu lehenik neure aitari lur ematera joaten». Jesusek erantzun zion: «Utzi hildakoei beren hildakoei lur ematen; zu zoaz Jainkoaren erreinua hots egitera». Beste batek, berriz, esan zion: «Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu lehenik etxekoei agur egiten». Jesusek erantzun zion: «Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako».
Lukas 9, 57-62.
Gaurkoan Jesusek eskaintzen digun mezuan agerian jartzen digu bizitzako bidea nola egiten joan nahi dugun: liluratasun batetik (eta honek erabakitzerakoan halako itsutasun bat badauka) edota heldutasun -barruko patxada- batetik (bihotza eta arrazonamendua uztartuz, diszernimenduaren bidetik); aukera bakoitzak suposatzen duen guztiarekin. Bizitzako erabaki sakonak bapatekoak ez direla esaten digu Jesusek, guk, askotan, nahiko genukeena, eta gaurko ikasle batek isladatzen digun bezala: “Noranahi jarraituko dizut”. Errotik hartutako erabakiak berekin daramate berea. Jesusen hitzetan: “Gizakiaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri”. Baina, aldi berean, bizitza gehiago edukitzeko eta zabaltzeko jarraipenaren gonbidapenari aurrera eginez, zailtasunak barne, erabaki askatzaileak dira, etengabe aurrera pausoak ematea eskatzen duelako gertatukoan, lehengoan planto eginda gelditu gabe. Bata besteari heldurik: “Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako”; hau da, iraganari helduta gelditzeak ez digu uzten Jainkoak guretzat amesten duen bizitza berri eta oso horretarantz pauso betetzaile, askatzaile eta erantzunkizunez ematen uzten. Betiko ziurtasunei helduta gelditzeko tentazioan katramilatzen naiz edota, tinko berritzen dut “Jarraituko dizut” barruko dei hori?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.