
Jose Ignacio Gonzalez Faus teologo ezagunak dio bere idazkietako batean Elizaren historia ondo ezagutzea dela K. Rahner-engandik jasotako kontseilurik onenetakoa. Esan gabe doa Rahner XX. mendeko teologo katoliko handienetako bat izan dela. Aholku horretan oinarrituta, Gonzalez Faus-ek ondorioztatzen du gaur egungo teologiaren premiarik handienetakoa “dutxa hermeneutiko” on bat dela.
Horrela esanda mezua ilun samarra iruditu badakiguke ere, nire ustez, oso aldarrikapen sakona eta esanguratsua du kristau sentitzen garenok gure garaiotan orientatzeko, gure fedean iparrorratza ez galtzeko.
Oinarrizko ideia oso soila eta sotila da. Paisaia bat ikusten dugu zerumuga bat badaukagu; zerumuga hondoa bezala da: hondo bat dagoelako ikusten ditugu irudiak, espazio ezagun eta esanguratsu batean jar baititzakegu. Gizakiok abere sinbolikoak gara eta, hortaz, gertakariak interpretatu behar ditugu nahitaez; interpretazioak dira gure erabakiak eta ekintzak mugiarazten dituztenak. Euskaraz oso ondo diogu nor bere zoroak bizi duela.
Hori horrela, kontuan izan behar dugu zerumugak (hondoak bezala) aldatzen doazela eta horrek dakarrela gertakarien esanahia aldatzea ere. Zerumugek (hondoek bezala) beste ezaugarri inportante bat dute: ez ditugu aukeratzen. Nolabait, garai bateko markak dira, eta, ondorioz, markatu egiten gaituzte. Ohikoa da bestearen zoramena (edota zorakeria) aski argi identifikatzea eta norberea, berriz, ikusezina izatea.
Gogoeta hau gure fedeari aplikatzeak ondorio ugari dakarzkigu. Baina hori, hurrengo gogoetarako utziko dugu.