HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 22

Aldi hartan, jakin zuen Herodes agintariak gertatzen zen guztia, eta zer pentsatu ez zekiela zegoen. Batzuek Joan Bataiatzailea hilen artetik piztu zela zioten; beste batzuek Elias profeta agertu zela; beste zenbaitek, berriz, antzinako profetaren bat piztu zela. Herodesek, ordea, honela zioen: «Joani neuk moztu nion lepoa. Nor da, beraz, hau, horrelakoak entzuten baititut honi buruz?». Eta Jesus ezagutzeko egokiera bila zebilen.

Lukas 9, 7-9.

Jesus beti izan da misterio bat; horregatik, haren izaerari buruzko iritziak eta erantzunak askotarikoak eta oso bestelakoak izan dira historian zehar; bai bere garaian, baita gurean ere. Jesus ikusteko, hau da, berarekin topo egiteko gogoa, alabaina, ez da hain nabari agertu. Herodesen aldera, egun eta gure artean, asko dira Jesusenganako inolako interesik erakusten ez dutenak. Interes faltak eta Jesusen izaerari buruzko erantzunek zerikusirik dute seguruasko. Ez dira gutxi gure artean Jesus iraganeko pertsonaitzat edo elizak berak sortutako mitotzat hartzen dutenak. Horrela uste dutenen interesa nekez piz dezake Jesusek. Hortxe dugu Jesusenganako nahia sortarazteko oztopo bat.

Hala ere, seguru aski aipatutako oztopoa ez da handiena, duela bi egun irakurri genuen “Etxezain argiaren parabolan” beste azalpen bat ezagutu baikenuen: gizakia ez da bere funtsezko gabeziaz jabetzen, eta ondorioz, Jainkoaren beharra ikustera ez da iristen. Egoera honen tragedia II. mendeko apokrifo batean oso ondo agertuta dagoela iruditu zait beti. Gogoko pasartea dut, jarraian zuekin partekatuko dudana:

Jesusek esan zuen: “Munduan jarri nuen bizilekua eta haragian agertu nintzaien. Denak mozkortuta aurkitu nituen; ez nuen bat bera ere egarriak aurkitu, eta arima atsekabez bete zitzaidan gizakien seme-alabengatik, itsu baitaude bere bihotzetan eta ez dira ohartzen hutsik etorri direla mundura. Eta bertatik berriro hutsik ateratzen saiatzen dira. Baina oraingoz mozkortuta daude: ardoa gorputzetik botatzen dutenean, orduan bihotz-berrituko dira”

 (Tomasen Ebanjelioa 28)*.

Bizi gareneko kontestuan, Jesusen memoria gordetzea eta adore eman gabe haren berri ematen jarraitzea gure kristau-belaunaldiari dagokion eginkizun propioa izan daiteke. Jainkoak bere bideak dituelakoan eta esku onetan gaudelakoan, eska diezaiogun eginkizuna burutzeko behar ditugun indarra, sendotasuna, itxaropena, eta bereziki, zintzotasuna eta leialtasuna.

*Euskarazko itzulpena: Ugalde, Iñaki – Irizar, Ramón, “Ebanjelio Apokrifoak”, Ibaizabal argitaletxea, Bilbo, 2008.

Jon Ona

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.