Axolagabekeria hiltzailea da. (Lk 16, 19-31)

2022 Ira 22
Jesusen parabola hau entzuten dugunean, Jauna,
aberatsa Lazaroren kontura bizi dela
pentsatzeko joera izaten dugu:
Lazarok bizitzeko behar duena,
jantzi ederrak erosi
eta jan-edanetan ibiltzeko kentzen diola, alegia.
Baina Jesusen ipuintxoak ez du halakorik esaten.
Aberatsak ez dio Lazarori ezer kentzen,
bere aberastasunetik bizi da,
bere gauzez kezkaturik,
beretarrekin bizi da aitaren etxean:
bizi egiten da, gainerakoei bizitzen utziz.
Aberats honi leporatu ahal diogun gauza bakarra
hoztasuna da,
Lazarorekiko ardurarik eza.
Eta jakina, Jauna,
gu ere sarri askotan horrela bizi garenez…
aberatsari beste erruren bat bilatu nahi diogu,
ipuineko gaiztoa bezalakoak ez izateko.

Badakigu
Injustiziak, indarkeriak eta intolerantziak
jendea hiltzen dutela.
Baina ardurarik eza, hoztasun hori,
axolagabekeria ere hiltzailea da:
Ingurukoei bizitzen utziz,
baina inguruan dagoen miseriari so egin gabe bizitzeak,
besteen hondamendia zuzenean eragin gabe,
baina hondamendi horrek ukitzen ez gaituela bizitzeak,
sufrimendua eta heriotza eragiten ditu.
Eta gainera, gure artean izugarrizko leizea irekitzen du,
seme-alabak bi motatan banatzen gaitu
eta leize hori azkenean zeharka ezineko egiten zaigu.

Jesusek behin baino gehiagotan
esan zigun halakorik, Jauna.
Baina zaila egiten zaigu, eta deserosoa, gogoratzea.
Izan ere,
gure bizi mailak sarri ez digu ikusten uzten
inguruan metatzen den miseria,
hainbat aldiz ukitu ere egiten ez gaituen miseria hori.

Mila esker, Jauna, abisuagatik,
jakinaren gainean jarri gaituzulako
neba-arreben zauriak miazkatu behintzat egin ditzakegula,
soberakinak, gutxienez, haiekin partekatu ahal ditugula…
eta ez bakarrik hori:
elkartasunerako aukera ere badugula.

Eskerrik asko adi egotera deitzen diguzulako,
sufrimendu eta premiei so egin
eta jasaten dituztenekin elkartasuna izatera, alegia.
Izan ere zuk haiek aukeratu dituzu
eta horren berri eman izan diguzu beti:
Moises eta profeten bidez,
Berpiztutako Jesus zure seme
eta gure senide nagusiaren bidez,
eta baita gure historian
eta gure historietan izan diren
hainbat eta hainbaten lekukotzaren bidez.

Lagun iezaguzu sufritzen dutenekin bat egiten!
Lagundu, bizi ahalko ginatekeen baino txarrago bizitzen,
oinarrizkoena ere ez dutenekin gureak partekatu ahal izateko.
Lagun iezaguzu adi egoten,
sufrimendua eta miseria ikusteko:
ez daitezela pasa gu ukitu gabe,
senti dezagula haien mina, zuk bezala,
bihozbera eta errukiorra zara-eta.

Haiekin bat egin nahi dugu
gauza hurbil eta urrunagoetan,
zugana denok batera joan ahal izateko,
zuk nahi duzun bezala,
leize eta miseriarik gabe…
axolagabekeria hiltzailerik gabe.