Saiakera eta proba desberdinak egiten ditugu zoriontasunera heltzeko. Ugariak, gainera. Zeren hasierako ustea izaten da desiratzen dugun oro lor genezakeela.
Baina bilaketak ardatz nagusi bat izan behar du: zerk sufriarazten gaituen behatzea. Jasaten ditugun ondoezak argitzeak jarriko gaitu zoriontasunerantz.
Urrats bi eman behar dira: ulertu eta bidea hartu. Lehendabizi, zoriontasunerako oztopoak -ageriko zein ezkutukoak- zein izan daitezkeen azpimarratu behar dira. Eta oso kontutan hartu, zerk egiten digun kalte nabarmenduz. Eta ostera ekiditen hasi.
Nahigabearen zergatiak ulertzera iristen gara aurrez aurre aztertzera jartzen garenean. Hau da: deseroso nago, baina zer dela eta? Zerk eramaten nau horretara? Baliteke besteengan argiago antzematea eta gure kate ezkutuaz gutxiago konturatzea.
Behin egongaitzaren sorburuak ulertuta, zein aldaketak eragitea da asmatu beharrekoa. Ez da erraza, eta jakinduriazko maisuei kasu egitea onuragarri izango zaigu. Agian haiengandik ikasitakoak soilik konponbidearen lerro nagusi bezala balioko digu. Gero bihurguneak nola egokitu geratuko zaigu.
Hain muineko lana da, ez dela soilik jende ikasiaren esku dagoen zerbait. Edozein dela norbere prestaketa edo ikasketa maila, edonork du “askatze lan” horri ekiteko gaitasuna. Gure baitako egoera non sustraitzen den ulertzen dugun neurrian, are eta “askeago” sentituko gara.
Guzti honen azpian, zoruak bi taula sendo ditu: pazientzia eta umiltasuna. “Zoriontsuak… apalak”