HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 17
Aldi hartan, herri guztietatik jendetza handia bildu zitzaion batean, Jesusek parabola hau esan zien: «Behin batean, atera zen ereilea hazia ereitera. Ereitean, zenbait ale bide-bazterrean erori zen, eta zapaldu egin zuten eta txoriek jan. Beste zenbait harri artean erori zen eta, erne orduko, ihartu egin zen, hezetasunik ez zuelako. Beste zenbait ale sasi artean erori zen, eta sasiek, harekin batera ernerik, ito egin zuten hazia. Gainerakoak lur onean erori ziren, eta erne eta bateko ehun eman zuten fruitua». Hau esanik, honela egin zuen oihu: «Entzuteko belarririk duenak entzun beza». Orduan, parabola honek zer esan nahi zuen galdetu zioten ikasleek Jesusi. Honek erantzun zien: «Zuei eman zaizue Jainkoaren erreinuaren misterioak ezagutzea; besteei, ordea, parabola bidez hitz egiten diet. Horrela, begiratzen dute, baina ikusten ez; entzuten dute, baina ulertzen ez. Hona, bada, parabolaren esanahia: Hazia Jainkoaren hitza da. Bide bazterreko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina deabrua etortzen zaie eta kendu egiten die hitza beren bihotzetik, sinetsi eta salba ez daitezen. Harri arteko hazia bezalakoak hauek dira: hitza entzutean pozik hartzen dutenak; baina, sustrairik gabeak izanik, denboraldi batean sinesten dute, baina tentaldi-garaian atzera egiten dute. Sasi artean eroritako hazia bezalakoak beste hauek dira: hitza entzuten dutenak, baina bizitzako arduren, diruaren eta atseginen artean itota gelditzen dira eta ez dira iristen fruitua ematera. Lur oneko hazia bezalakoak, berriz, hauek dira: hitza bihotz onez eta zabalez entzunik, barruan gorde eta iraupenez fruitua ematen dutenak».
Lukas 8, 4-15.
Gaurko ebanjelioan, bi une ditugu: lehendabizi, parabola bat dugu; eta gero, parabola horren azalpena. Parabolaren mezua itxaropenezkoa da: ager daitezkeen zailtasun guztien gainetik, azkenean Jainkoaren Erreinua iritsiko da, eta uzta oparoa, bete-betea emango du. Garai ilunak, zailak bizi ditugula uste dugunean, Jainkoaren agintzarian konfidantza izateko dei bat dugu parabola honetan; iluntasunak ez du azken hitza izango. Haziaren zati handiaren galerak uzta arriskuan jar dezakeela irudi lezake, baina azkenean, espektatiba ilun horren ordez, bateko ehun emango duen uzta (garai hartako nekazaritzan erabat ezinezkoa zena) iritsiko da.
Parabolaren azalpena, berriz, konfidantza horretatik norberaren erantzunkizunaren aldeko deia da. Jainkoaren Erreinua iritsiko den oparia da, baina gutako bakoitzak onartu behar du bizitza Jainkoaren Hitzaren entzumenaren eta onarpenaren gainean eraikiz. Hala egitea, berriz, ez da erraza, eta gaurko ebanjelioak oztopo batzuk agerian uzten ditu: sendotasunik eta iraunkortasunik eza; norberaren proiektuetan eta interesen arabera bizitza eraiki nahi izatea, Jainkoaren aurreko irekitasuna bilatu beharrean; eta bereziki, aberastasunen gosea. Horrek guztiak zaildu egiten du Hitza entzutea eta onartzea. Kristau bizierak badu alde aszetiko bat, ahalegina, esfortzua eta uko egitea eskatzen duena, baina bidea Jainkoaren agintzariaren horizontean egiten da. Hitza entzuten dutenen bizitza bateko ehun ematen duen uzta bezala loratuko da. Hauek munduan Erreinua agertaraziko dute beren bizitzaz.
Jainkoaren aurrean, berarekiko solasean, meditatu gaurko pasartea.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.