HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 16

Aldi hartan, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren Berri Ona hots egiten. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatua zuen zenbait emakume ere: Maria Magdalena –honengandik zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko; hauek beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.

Lukas 8, 1-3.

Jesusen misioak elkartea bildu du: hitzez eta egitez hots egindako Berri Onak gizon eta emakumeen bihotzak erakarri ditu, bere bizitza berrituz eta duten eta diren guztia Jesusen alde eskainiz bere misioaren partaide egin dira. Elkarte bizitza da Ebanjelioaren testigantza nabarmenena.

Lukasen ebanjelioko pasarte txiki honetan herriz herri auzorik auzo elkarrekin dabilen elkartea hau, sinodo erako elizaren eredu dugu. Azken hilabetetan gure elizbarrutietan saiakera berezia egin da sinodaltasuna bultzatzeko.

Gaur egun ere, Lukasek emakumearekiko erakusten duen sentsibilitatearen ildotik, bataiatu guztien duintasuna eta berdintasuna nabarmenago ager dadin, emakumeek elizan duten partaidetza eta misioa sakondu eta argitu beharrekoa dela adierazten du gure eliz lokaletako hausnarketak.

Egindako saiakera bereziaren emaitza, Vatikanora bidalitako dokumentuan baino, elkarte bizitza berritzeko eta suspertzeko lehenengo pauso xumeetan egiaztatuko da. Jarri gaitezen bidean Jesusi jarraituz eta Espirituari entzuneko izaten!

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.