HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 14
Aldi hartan, Jesusek esan zion Nikodemori: «Ez da inor zerura igo zerutik jaitsi zena baizik, Gizonaren Semea. Moisesek basamortuan brontzezko sugea altxatu zuen bezala, hala izan behar du altxatua Gizonaren Semeak, harengan sinesten duten guztiek betiko bizia izan dezaten. Izan ere, hain maite izan zuen Jainkoak mundua, bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duen inor gal ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan. Jainkoak ez baitzuen bere Semea mundura bidali mundua kondenatzera, haren bitartez mundua salbatzera baizik».
Joan 3, 13-17.
Gurutze santuaren jaia ospatzen dugu gaur, esker onez, gaurko ebanjelioaren harira, mundua eta gizakia gaiztotua duen errotik askatzen gaituen gertakari salbagarria baita.
Fedearen begiak trebatzera deitzen gaitu gaurko pasarteak, Jesusen gurutzeko eskaintzan Jainkoaren maitasuna aitortu dezagun. Maitasun hori bizi izan zaio Jesusi bere ministerio publikoaren une guztietan. Jainkoaren maitasuna zabaltzea eta mundu honetan topatu duen gizaki bakoitza maitasun horren partaide egitea izan du bere misioa, baita bere aintza pertsonala. Hainbesterainokoa da Jainkoaren maitasuna, Jesusek bihotz gogortasunaren aurrean are eta sendoago aitortzen baitzuen, azkeneraino. Heriotza bilakatzen da bere gorputz, odol, arnasa eta bizitzaren hitzik sendoena, ozenena, askeena.
Horrelako askatasuna guri posible egitea gertatzen da egiaz gurutzearen sendagaia. Mundu honetako bekatariak, gaixoak, era guztietako zuzentasun eza pairatzen dutenek behar duten sendagaia. Hau dugu gurutzearen grazia eta erronka: onartzeko gauza denarentzat bizi iturri gertatuko zaiona.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.