HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 13

Aldi hartan, Nain izeneko herrira joan zen Jesus, bere ikasleak eta jende asko lagun zituela. Herriko sarrerara hurbildu zenean, hildak bat, ama alargun baten seme bakarra, zeramaten lur ematera. Herriko jende asko zihoan amarekin. Hau ikustean, errukitu egin zitzaion Jauna eta esan zion: «Ez egin negarrik!». Hurbildurik, hilkutxa ukitu zuen, eta zeramatenak gelditu egin ziren. Orduan, esan zuen: «Gazte, zuri diotsut: jaiki!». Jaiki zen hildakoa eta hizketan hasi, eta Jesusek amari eman zion. Beldurrak hartu zituen denak eta Jainkoa goresten zuten, esanez: «Profeta handia sortu da gure artean». Eta beste hau ere bazioten: «Bere herria salbatzera etorri da Jainkoa». Judean eta inguruko lurralde guztian zabaldu zen gertaera honen berria.

Lukas 7, 11-17.

Aurrez aurre egiten dute topo Jesusek eta bere ikasleek alarguna eta bere seme bakarraren heriotza negar egiten eta hilobiratzean laguntzen zutenek. Nor ez da horrelakoetan errukitzen? Saminduta zeuden haiek bezala gu ere harrituta gelditzen gara Jesusek, errukiak mugituta, agertzen duen aginpideaz, doluari eta heriotzari aurre eginez: «Ez egin negarrik!», «Gazte, zuri diotsut: jaiki!».

Zeinu honek zer pentsatu ematen digu: baita zer egin eta zer itxaron. Izan ere, Jesusen heriotza eta piztueraren argitan ulertzen dugu gaurko pasartea. Pasarteak erabiltzen duen «jaiki» aditza Jesusen piztuera adierazteko erabilia izan da ebanjelioetan. Ezinbestekoa dugu gazte honen jaikiera eta Jesusen jaikiera batera hartu, gazteenarenak Jesusena iragartzen duelarik, eta Jesusen piztuerak zeinu hau betiereko bizitzara zabaltzen duelarik. Amaren doluaren eta gaztearen heriotzaren etena Jainkoak Jesusen eta Espiritu Santuaren bitartez helarazten digun bizitzaren zeinuak dira, guk errukiak bizkorturik gaurtik hasita Jainkoaren Erreinuaren parte izan gaitezen.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.