HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 12

Aldi hartan, Jesus, herriari egindako hitzaldia amaiturik, Kafarnaumen sartu zen. Bazen han erromatar ehuntari bat, eta honek morroi bat zuen, oso maitea; morroia gaizki zegoen, hilzorian. Ehuntariak, Jesusen berri entzunik, judu buruzagi batzuk bidali zizkion, morroia sendatzera etortzeko erreguaz. Haiek, Jesusengana joanik, arren eta arren eskatu zioten: «Merezi du Zuk hori egitea, maite baitu gure herria eta berak egin digu sinagoga ere». Jesus haiekin joan zen. Etxera hurbilduxea zela, lagun batzuk bidali zizkion ehuntariak, esatera: «Ez hartu nekerik, Jauna, ni ez bainaiz inor Zu nire etxean sartzeko. Horregatik, ez naiz ausartu neu zugana joaten; aski duzu hitz bat esatea, nire morroia sendatzeko. Nik ere, neu besteren mendean egon arren, soldaduak ditut neure mendean, eta bati joateko agintzen badiot, joan egiten da; beste bati etortzeko agindu, eta etorri; eta nire morroiari zerbait egiteko esan, eta hala egiten du». Hau entzutean, Jesus harritu egin zen hartaz eta, ondoren zetorkion jendeagana itzulirik, esan zuen: «Egia esan, Israelen bertan ere ez dut aurkitu horrelako sinesmenik». Mandatariak etxera itzuli zirenean, sendatua aurkitu zuten morroia.

Lukas 7, 1-10.

Ondo zekien ehuntariak zeini hitz egiten ari zitzaion: horregatik erakusten du Jesusekiko halako begirunea eta apaltasuna, haren handitasuna eta bere txikitasuna aitortuz. Jesus bera harritzen duen sinesmenaren funtsa, ordea, atzerritar horrek Jesusengan jarritako konfiantzaren sendotasuna da.

Pasarte honen idazkerak gure arreta ehuntariaren fedean jartzera garamatza, haren fedearen eredugarritasuna erakutsiz. Morroia sendatua gertatzen da, bai, baina sendatu izatea edo ez izatea, ez du hainbesterako garrantzirik. Jesusengan eta haren aginpidean dugun edo ez dugun uste ona da gakoa.  

Horrela gordetzen du elizak pasarte honen egi salbagarria, eukaristia ospatzen dugun bakoitzean, Jaunartzeko ordua iritsita gure buruak prestatzeko ehuntariaren otoitza gure egiten dugunean. Eskatzen dugun osasuna behin betiko osasuna da, gaurtik hasita bizitzen hasi gaitezkeena gure bizitzako gertakari eta zeregin guztietan konfiantza osoz beteriko sinesmenak bizkortzen bagaitu.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.