HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 11

Aldi hartan, zergalariak eta bekatariak hurbildu ohi zitzaizkion Jesusi, entzutera. Eta fariseuak eta lege-maisuak marmarrean hasi ziren, esanez: «Honek ongi hartzen ditu bekatariak, eta jan ere egiten du haiekin». Orduan, parabola hau esan zien Jesusek: «Zuetako bat, ehun ardi izan eta bat galtzen bazaio, ez al da joaten, beste laurogeita hemeretziak larrean utzirik, galdutakoaren bila aurkitu arte? Eta, aurkitzean, lepoan hartzen du poz-pozik eta, etxera iristean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako ardia”. Hara Nik esan: «Jainkoak ere poz handiagoa hartzen du bihotz-berritzen den bekatari batengatik, bihotz-berritu beharrik ez duten laurogeita hemeretzi zintzoengatik baino. Eta zein emakumek, zilarrezko hamar txanpon izan eta bat galtzen bazaio, ez du, kriseilua pizturik, etxea garbitu eta ardura guztiz bilatzen aurkitu arte? Eta aurkitzean, adiskideak eta auzokoak bildu eta esaten die: “Poztu zaitezte nirekin, aurkitu baitut galdutako txanpona”. Hara Nik esan: Berdin pozten da Jainkoa bere aingeruekin bihotz-berritzen den bekatari batengatik».

Beste hau ere esan zien Jesusek: «Gizon batek bi seme zituen. Gazteenak esan zion aitari: “Aita, emadazu dagokidan senipartea”. Eta aitak ondasunak banatu zizkien. Handik egun gutxira, seme gazteena, zituen guztiak bildurik, urrutiko herrialde batera joan zen, eta han, lasaikerian biziz, ondasun guztiak jan zituen. Den xahutu zuenean, gosete handia sortu zen herrialde hartan eta beharra sentitzen hasi zen. Orduan, herrialde hartako batengana joan eta haren morroi jarri zen, eta hark bere sailetara bidali zuen txerrizain. Txerriek jaten zuten ezkurrez sabela betetzeko gogoak ematen zion, ez baitzion inork jaten ematen. Orduan, bere baitara itzulirik, esan zuen: “Hamaika langile bada nire aitarenean, nahiko ogi duela, eta ni hemen goseak hiltzen. Jaiki, aitagana joan eta esango diot: Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi. Har nazazu zeure langileetako bat bezala”. Eta jaiki eta aitagana abiatu zen. Artean urruti zegoela, ikusi zuen aitak eta erruki izan zuen, eta, lasterka joanik, besarkatu eta musuka hasi zitzaion. Semeak esan zion: “Aita, bekatu egin dut Jainkoaren eta zure aurka. Ez dut gehiago seme izena merezi…”. Aitak, ordea, esan zien morroiei: “Atera berehala soinekorik ederrena eta jantzi iezaiozue; ipini eraztuna eskuan eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizendua eta hil; egin dezagun festa-otordua, nire seme hau hila baitzegoen eta berriz bizi da, galdua zegoen eta aurkitu egin dugu”. Eta festa hasi zuten. Seme zaharrena soroan zen. Etxera hurbiltzean, soinua eta dantzak sumatu zituen, eta, morroi bati deituta, zer gertatzen zen galdetu zion. Morroiak erantzun: “Zure anaia etorri da eta zuen aitak zekor gizendua hil du, semea onik bereganatu duelako”. Seme zaharrena biziki haserretu zen, eta ez zuen sartu nahi. Atera zen aita eta erreguka hasi zitzaion. Baina hark erantzun zion aitari: “Hainbeste urte da zure zerbitzuan nagoela, zure agindurik behin ere huts egin gabe, eta ez didazu sekula antxume bat ere eman lagun artean jateko, eta horrako zure seme hori, emagalduekin zure ondasunak jan dituen hori, etorri denean, zekor gizendua hil diozu”. Aitak erantzun zion: “Seme, zu beti nirekin zaude, eta nirea den guztia zeurea duzu. Baina egoki zen festa egitea eta poztea, zure anaia hau hila baitzegoen, eta piztu egin da; galdua zegoen, eta aurkitu dugu”.

Lukas 15, 1-32.

Jesusen kontrako jarduna eta marmarrak ematen dio hasiera errukiaren parabolei. Hauen bidez, Jesusek elkarrengandik urruntzen eta elkarren kontra jartzen gaituzten mugak eta aurreiritziak gezurtatzen ditu zeharo. Zurrumurru sotilez desberdin direnengandik aparte seguru sentiarazten gara, baina bidean, besteena ez ezik, gure nortasuna bera desitxuratzen du, eta Jainkoa bera txikiegia bihurtzen gure beldur, asmo eta nahien neurrikoa egiten baitugu.

Errukiaren parabolek, berriz, jardunak eta zurrumurruak alde batera utzita, argi helarazten digu Jainkoak gu, eta edonor, aurkitzean duen poza. Erraz ulertzen dugu mezu eder hau. Hala ere, harritzen jarraitzen gaitu, behea jotzen dugunean Jainkoaren barkamena eta maitasuna bilatzeko etsita gaudenean; eta oraindik erretzen gaitu, gure jardunen biktimak halako maitasunaren eta barkamenaren poza aurkitzen duenean Jainkoagan. Jainkoaren poza gure poza izatera deitua dago, Jainko seme-alaba izatearen poza, elkarren senide izatearen poza.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.