HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 10
Aldi hartan, Jesusek esan zien ikasleei: «Ez da zuhaitz onik fruitu txarra ematen duenik, ezta zuhaitz txarrik ere fruitu ona ematen duenik. Bere fruituetatik antzematen zaio zuhaitzari; elorritik ez da pikurik biltzen, ezta sasitik mahatsik hartzen ere. Ona denak ona ateratzen du bere barneko ondasun-altxorretik, eta gaiztoak gaitza bere gaiztakeri altxorretik; ahoak esan, bihotzari gainezka dariona esaten baitu. Zergatik esaten didazue “Jauna, Jauna!” eta ez duzue egiten esaten dizuedana? Erakutsiko dizuet noren antzeko den nigana etorri eta nire hitzak entzun eta betetzen dituena: etxea eraikitzean, zulatu, sakondu eta zimenduak harkaitzean hartu zituen gizonaren antzekoa da. Uholdea gertatzean, jo zuen ur-boladak etxea, baina ezin izan zuen dardararazi, sendo eraikia baitzegoen. Entzun bai, baina betetzen ez dituena, berriz, etxea lur gainean, zimendurik gabe, eraiki zuen gizonaren antzekoa da. Jo zuen ur-boladak eta berehala erori zen eta erabat porrokatua gelditu».
Lukas 6, 43-49.
Gure artean sentimenduen egoitza da bihotza. Askotan, hartu beharreko erabakien aurrean, bihotzaren eta adimenaren arteko ezbaiak pairatzen ditugu. Sentimenduen nagusitza sumatzen dugu gure egungo bizitzeko eran, sentimenduekin bat aritzera zintzotasunaren eta zoriontasunaren ezinbesteko garantia hartzen dugula. Jakin, ordea, badakigu zein aldakorrak izaten diren sentimenduak. Sentimendu soiletan oinarrituta ezinezkoa da ezer sendorik eraiki.
Biblia osoan aldiz, bestelako esanahia du bihotzak, gurean baino askoz zabalagoa dena. Bihotza gure izatearen gordeenekoa da, gure misterio pertsonalaren azken geruza. Eta giza izatearen barnera murgilduta, sentimenduak ez ezik, oroimenak eta pentsamenduak, pentsatzeko erak eta proiektuak, baloreak eta espiritualtasuna aurkituko ditugu. Gure egiazko izatea osatzen duten alderdi guztiek osatzen dute bihotza.
Zentzu honetan ere, gure bihotza sendotu eta sendatu beharrean aurkitzen da. Jesus, gizon egindako Hitzaren misterioa dena, gure gizakiaren misterioa argitu dezaken bakarra izanik, gure bihotza sendotzeko harkaitza ziurra gertatzen da.
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.