HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 9

Aldi hartan, Jesusek parabola hau esan zien ikasleei: «Izan ote daiteke itsua itsuaren gidari? Ez ote dira biak zulora eroriko? Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, baina ondo eskolaturiko ikaslea bere irakaslea adinakoa izango da. Nolatan ikusten duzu senidearen begiko lasto-izpia eta zeure begiko habeaz ohartzen ez? Nolatan esan diezaiokezu senideari: “Adiskide, uztazu begian duzun lasto-izpia ateratzen”, zuk zeurean duzun habea ikusten ez duzula? Itxurazalea halakoa! Atera lehenik zeure begitik habea, eta orduan ikusiko duzu garbi, senidearen begitik lasto-izpia ateratzeko».

Lukas 6, 39-42.

Elkarrekin egiten dugu bidea bizitzan elkarri esandakoak medio. Hitzen bidez komunikatzen dira gure barne munduak. Hitzek, ohartzen ez bagara ere, gure barne mundua ezagutzera ematen dute, eta entzuten gaituenaren misterio pertsonalaren azken geruza iritsita, harengan eragina izan dezakete. Hitzen bidez jabetzen gara bizitzen ari garenaz, horrek izan dezaken garrantziaz, eta horretan sumatu dezakegun zentzuaz. Hitzak bizitzaren dohain preziatuaren gordailua direnez, erantzukizun askatzailea ditugu.

Jesusek, Jainkoaren Hitzak, gure hitzen konpromiso askatzailearen jabe egitera deitzen gaitu gaurkoan. Besteei eskatzen diegun neurrikoak izateko deiak gure bihotz berritzearen premia agerian jartzen du nabarmen. Nork bere bihotz berritzeko erronkan eta arduran, ordea, ez gaude bakarrik: egintzez ez ezik hitzez ere elkarren bidelagun izatera deituak gaude Jainkoaren Hitza dugula gidari, elkarri oparitzen diogun gure hitzen zerbitzuan Hitzaren askatasunean aurrera egin dezagun batera. Arantzazuko Amak sustatu dezala gugan halako elkarte sena.

Pedro Uranga

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.