HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 8

Abrahamen eta Daviden ondorengo den Jesu Kristoren jatorri-liburua. Abrahamek Isaak sortu zuen, Isaakek Jakob, Jakobek Juda eta haren senideak; Judak Tamarrengandik Fares eta Zara sortu zituen, Faresek Esrom, Esromek Aram, Aramek Aminadab, Aminadabek Naason, Naasonek Salmon; Salmonek Rahabengandik Booz sortu zuen, Boozek Rutengandik Obed, Obedek Jese, Jesek David erregea. Davidek Uriasen emazte izanagandik Salomon sortu zuen, Salomonek Roboam, Roboamek Abia, Abiak Asaf, Asafek Josafat, Josafatek Joram, Joramek Ozias, Oziasek Joatam, Joatamek Akaz, Akazek Ezekias, Ezekias ek Manases, Manasesek Amon, Amonek Josias; Josiasek Babiloniako erbestealdian Jekonias eta haren senideak sortu zituen. Eta Babiloniako erbestealdi ondoren, Jekoniasek Salatiel sortu zuen, Salatielek Zorobabel, Zorobabelek Abiud, Abiudek Eliakim, Eliakimek Azor, Azorrek Sadok, Sadokek Akim, Akimek Eliud, Eliudek Eleazar, Eleazarrek Matan, Matanek Jakob; Jakobek, berriz, Jose sortu zuen, Mariaren senarra, eta Mariagandik jaio zen Jesus, Kristo deritzana. Jesu Kristoren sortzea honela gertatu zen: Maria, Jesusen ama, Joserekin ezkontzeko hitzemana zegoen eta, elkarrekin bizi izan baino lehen, haurdun gertatu zen Espiritu Santuaren egitez. Josek, Mariaren senarrak, gizon zintzoa baitzen eta ez baitzuen bere emaztea salatu nahi, hura isilean uztea erabaki zuen. Baina asmo hori gogoan zerabilela, Jaunaren aingerua azaldu zitzaion ametsetan eta zera esan zion: «Jose, Daviden ondorengo hori, ez beldur izan zeure emazte Maria etxean hartzeko, honengan sortua Espiritu Santuagandik baitator. Semea izango du eta zuk “Jesus” ipiniko diozu izena, hark salbatuko baitu bere herria bekatuetatik». Hau guztia Jaunak profetaren ahoz esandakoa bete zedin gertatu zen: «Begira, birjinak sabelean sortu eta semea izango du, eta Emanuel ipiniko diote izena (Emanuel izenak “Jainkoa gurekin” esan nahi du)».

Mateo 1, 1-16. 18-23.

Mateoren ebanjelioaren atal honen lehenengo zatian, Jesusen arbasoen zerrenda ageri da. Jesusen gizatasuna toki eta garai baten kokatua dago.

Guretzat izen bitxiak diren horien artean 41 gizonezko eta 5 emakume agertzen dira. 41 gizon horiek beste horrenbeste emakume ezkutuan lagatzen dituzte.

Jesusen jarraitzaileek ez zituzten emakume preziatuak bakarrik jarri zerrenda horretan. Euretariko hiru bekatari ziren eta bat, taldeak mespretxatua. Zerrenda horretan agertzen diren pertsona guztiek bideratu zuten, azken finean, Jesusen gizatasuna. Gu ere toki eta garai batean kokatuak gaude. Gizaki izatearen ezinbesteko ezaugarria dugu tokia eta denbora. Eta kokatuta gaudela, zenbat emakume lagatzen ditugu gure bizitzan ezkutuan? Zenbat emakume jarri beharko genituzke agerian gure izanarekin zerikusia dutelako? Zenbat pertsonak bideratzen dute gure gizatasuna/emetasuna?

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.