Gauero amesten omen dugu, nahiz eta ametsak ez oroitu. Ametsak guk geuk geure buruari bidaltzen dizkiogun mezu elektronikoen antzekoak omen dira: informazio lagungarriz josiak, guk noiz ireki eta irakurriko zain. Beraz, ametsak ez oroitzea, modu inkontziente batean, esateko digutena ez jasotzeko estrategia bat ei da.
Ametsen interpretazioaz hitz egiten denean, Freud aipatzen da gehienbat, baina nik nahiago dut Jung. Gaiaren inguruan landu dituen teoriek zentzu osoa dutela uste dut. Inkontziente kolektiboaz eta gure bizitzan zehar izaten ditugun bizipenek baldintzatuta sortzen goazen mundu sinbolikoaz hitz egiten du. Hortik abiatuta, eta norberak mundu sinboliko propioa duela kontuan hartuta (bizipenak subjektiboak baitira bai interpretatzeko, bai barneratzeko estrategiak) ametsak interpreta ditzakeen pertsona bakarra amesten duen hori da. Gustuko dut autonomia hori, gustuko ere sasijakintsuei Freuden ametsen interpretazioari buruzko liburua irakutzeak eragiten dien “zilegitasuna” kentzeak ematen didan plazera.
Ametsez betetako gauak gustuko ditut. Entretenigarriak iruditzen zaizkit, eta nabari dut egunean zehar nire baitan gertatzen denari entzungor egote horrekiko halako konpentsazio bat ematen dela. Nire niarekin egunean jarriko banintz bezala. Edo, agian, hori dena fantasia hutsa da, neure burua engainatzeko beste modu bat. Bata ala bestea, uda iritsi den honetan bizi erritmoa moteltzen dela probestu dezakegu kalitatezko loa berreskuratzeko, eta gure iparrorratza kalibratzeko.