HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 6

Aldi hartan, Jesus mendira joan zen otoitz egitera, eta Jainkoari otoitzean igaro zuen gaua. Eguna argitu zuenean, ikasleei deitu eta haietako hamabi aukera tu zituen, eta apostolu izena eman zien: Simon –honi Pedro izena ezarri zion– eta honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, Mateo, Tomas, Santiago Alfeorena, Simon –Zelote zeritzana–, Judas Santiagorena eta Judas Iskariote, Jesusen saltzaile izango zena. Jesus ikasleekin menditik jaitsi eta zelaigune batean gelditu zen. Ikasle-multzo handia zen harekin; baita herriko jendetza ugaria ere, Judea osotik, Jerusalemdik eta Tiroko eta Sidongo itsasaldetik etorria, hari entzutera eta beren gaitzetatik sendatzera. Espiritu gaiztoek oinazetuak sendatu egiten ziren. Jende guztiak Jesus ukitu nahi zuen, halako indar bat baitzerion, denak sendatzen zituena.

Lukas 6, 12-19.

Lukasen ebanjelioaren atal honek Jesusen “egun” bat jasotzen du laburpen gisara: otoitzean, elkartearekin, jendartean, gaixoekin harremanetan. Zeregin arruntak izango lirateke goialdean, mendian, eta behealdean, zelaian, bizitakoak baino ez balira. Baina Jesusek goialdean partekatu, entzun, jasotzen duena, behealdean bizi du.

Mendialdean, Jainkoa maitasun elkartea dela nabaritzen du eta elkartea antolatzen du zelaigunean aritzeko. Goialdea eta behealdea ez dira talkarako guneak, bata bestea osatzen dutenak baizik. Ez dago goialderik behealde barik, eta alderantziz.

Apostoluen taldeak ez luke esanahi berezirik izango, elkarte bihurtu eta Jainkoaren irudi ez balitz. Eta Jainkoaren irudi den bitartean, elkartea sakratu bihurtzen da, Jainkoaren adierazle, alegia.

Jesusengandik sortzen den indar berriztatzailea Berri Ona bihurtzen da Jainkoaren indarraren sustapena delako.

Goian eta behean; ekinean eta geldirik; hartuz eta emanez; otoitzean eta sendatzen. Gure ezinek, gure mugek banatzen dituzte bata eta bestea. Elkarrekin adierazgarriak dira, elkarrekin adierazten dute osotasuna.

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.