HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 5
Beste larunbat batez, Jesus sinagogan sartu eta irakasten hasi zen. Bazen han eskuineko besoa elbarria zuen gizon bat. Lege-maisuak eta fariseuak zelatan zegozkion, larunbatez sendatuko ote zuen, zertan salatu izateko. Jesusek, haien gogoetei igarririk, beso-elbarriari esan zion: «Jaiki eta zatoz hona, erdira». Hura jaiki eta zutik gelditu zen. Jesusek esan zien orduan: «Galdera bat: larunbatez zer da zilegi, on egitea ala gaitz egitea, bizia salbatzea ala hondatzea?» Eta, inguruko guztiei begira, esan zion gizonari: «Luzatu beso hori». Hark luzatu zuen eta sendatu egin zitzaion.
Lege-maisuak eta fariseuak beren onetik atera ziren eta Jesusi zer egingo ari ziren beren artean.
Lukas 6, 6-11.
Ebanjelioaren atal honetan gizonak baino ez dira ageri, nahiz eta sinagogan emakumeak ere egon badauden (alboratuak, bazter baten, aparte, baina bertan). Gizonetariko batzuk zelatari eta salatzaile bezala agertzen dira. Beste bat gaixo. Gehienak ikasten zeudenak ziren. Eta Jesus, irakasten ari zena.
Jesusek egiten duen galderaren erantzuna momentuak guztiz baldintzatuta dago. Galdera horrek ez zuen inongo zentzunik izango asteko lehen egunean egina balitz. Larunbatean egiten denez, zeharo aldatzen da. Beste edozein egunetan galderaren erantzuna zalantza gabeko erantzuna izango litzateke. Larunbatean egiten denez, zalantzak sortzen ditu. Are gehiago: salaketa egiteko motiboa izango da, eta azken finean, heriotzarako bidean jarriko du Jesus.
Ontasunaren eta gaitzaren arteko tartea zerez osatutako tartea da? Badu zerikusirik momentuarekin? Momentuko legeek baldintzatuta dago? Ontasunak eta gaitzak pertsonen ongizatearekin zerikusia du? Eta ongizatea momentu bateko gauza da ala haratago doa?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.