HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 4

Aldi hartan, jende-talde handiak zihoazen Jesusekin; honek, haiengana bihurturik, hau esan zien: «Norbaitek nirekin etorri nahi badu, eta bere aita-amak eta emaztea, seme-alabak eta anai-arrebak, eta bere burua bera baino maiteago ez banau, ez daiteke izan nire ikasle. Bere gurutzea hartu eta nire ondoren ez datorrena ez daiteke izan nire ikasle. Izan ere, zuetako nork, dorrea egin nahi badu, eseri eta ez ditu aurretik gastuen kontuak ateratzen, bukatzeko lain ba ote duen ikusteko? Bestela, zimenduak hartu ondoren ezin bukatuko balu, hori ikustean barre egingo liokete denek, esanez: “Honako hau eraikitzen hasi huen eta ezin izan dik bukatu”. Edota zein erregek, beste baten kontra gerrara joan nahi badu, eseri eta ez du aldez aurretik deliberatzen, ea hamar mila gizon aski dituen, hogei milarekin kontra datorkionari aurre egiteko? Eta ezetz ikusten badu, artean bestea urruti dela, mandatariak bidaliko dizkio bakea eskatuz. Era berean, zuetako inor ez daiteke nire ikasle izan, dituen guztiei uko egiten ez badie».

Lukas 14, 25-33.

Garai baten, Jesusenean bezala, jende-talde handiak zihoazen Elizara. Eliza handikien menpe jartzen hasi zen, eta jende-talde handiak galdu ditu. Jesusek, jende-talde kopuruetan arreta jarri beharrean, Jainkoaren Erreinua zabaltzeko beharrezkoak diren ezaugarrietara bideratu zuen bere bizitza, nahiz eta horrek bakardadea ekarri.

Badirudi jokabide biek eramaten gaituztela bakardadera, bai mendekotasunak eta bai koherentziak.

Lukasen Ebanjelioaren txatal hauetan askatasunean bizitzera gonbidatzen gaitu Jesusek. Askatasuna koherentziarako bide bakarra da, nahiz eta horrek txikitasuna, ezintasuna eta ahuldadea bidelagun ekarri. Elizak, hasieran, ezaugarri horiek izan zituen. Zein estilo izango litzateke Jesusen estiloa gaur egun? Askatasunak ez ditu aukera guztiak parekatzen, ezta aukera guztiak gauzatzen ere. Askatasunak aukeren artean gizakoiago egiten gaituztenen artean aukeratzen laguntzen digu. Jesusen estilora, askatasunak Jainkoaren nahiarekin bat egitera eraman beharko gintuzke. Elizak noizko lagako du jatorrizko izaerako bidea hautatzen? Azken finean, zer dugu nahiago, mendekotasunak dakarren ala askatasun koherenteak sortzen duen bakardadea?

Marixabel Albizu

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.