HITZA
Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena
Irailak 3
Behin batean, larunbatez gari-soroetan barna zihoan Jesus. Eta ikasleak galburuak moztu, eskuetan aletu eta jaten ari ziren. Fariseu batzuek esan zieten: «Nolatan ari zarete larunbatez zilegi ez dena egiten?» Jesusek erantzun zien: «Ez al duzue irakurri Davidek egin zuena, bera eta bere lagunak goseak gertatu zirenean? Jainkoaren etxean sartu eta, Jaunari eskainiriko ogiak hartuz, jan egin zituen eta bere lagunei ere eman zizkien, legez apaizek bakarrik jan zitzaketen ogiak izanik». Eta hau esan zien: «Gizonaren Semea larunbataren nagusi da».
Lukas 6, 1-5.
Gosearen aurrean askotariko erantzunak entzun ohi ditugu gure artean. Batzuek, guztiontzat nahikoa ez dagoenez, gosea saihestezina dela diote. Beste batzuengandik xahubidearen kontrako neurriak hartu behar ditugula entzuten dugu. Badaude jakiak merkatuaren zoramenean sartu eta bejondeigula merkatuan parte hartzeko daukagunoi esaten dutenak. Boterearen arabera antolatzen den gaia dela ikusten dugu, edozein kasutan.
Fariseuek horrelako zerbait aldarrikatzen zuten botere erlijiosoaren izenean: eurak ziren larunbataren jabe eta jagole. Beste guztiak euren menpe, gosetiak barne.
Jesusek hautsi egiten du sakratutzat zuten ordena hori. Gizakion beharrak ez daude edozeinen menpe. Gizakioi dagokiguna Jainkoaren ordenean murgiltzen da eta horrek errotik antolatzen du errealitatea, errealitate erlijiosoa barne.
Elikagaien inguruan, gosearen aurrean, gizakion funtsezko beharrei begira gaudenean, nora begira gaude, banaketara, xahubideetara, merkatura, gizakiengana, Jainkoaren Erreinura?
* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.