HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Irailak 1

Aldi hartan, jendea gainera zetorkion Jesusi, Jainkoaren hitza entzuteko; Genesaret aintzira-ertzean zegoen Jesus. Bi txalupa ikusi zituen ur-bazterrean geldi; arrantzaleak, ontzietatik jaitsita, sareak garbitzen ari ziren. Igo zen txalupa haietako batera, Simonenera, eta lehorretik pixka bat aldentzeko eskatu zion. Gero, eseri eta txalupatik jendeari irakasten jardun zuen. Hitzaldia bukatzean, esan zion Simoni: «Jo itsaso zabalera eta bota sareak arrantzurako». Simonek erantzun zion: «Maisu, gau osoan eginahalak egin eta ez dugu ezerharrapatu; hala ere, Zuk diozunez gero, botako ditut sareak» Hala egin zuten eta, hainbesteko arrain-pila harrapatu zuten, sareak lehertzeko zorian baitzeuden. Beste txalupako lagunei keinu egin zieten laguntzera etortzeko; etorri ziren, eta bi txalupak bete zituzten, ia-ia hondoratzeraino. Gertatua ikusirik, Jesusen oinetan ahuspeztu zen Simon Pedro, esanez: «Alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta». Izan ere, zur eta lur zeuden Simon eta harekin ziren guztiak, eginiko arrantzuagatik, eta gauza bera gertatzen zitzaien Simonen arrantzu-lagun ziren Zebedeoren seme Santiagori eta Joani ere. Baina Jesusek esan zion Simoni: «Ez beldur izan, hemendik aurrera giza arrantzale izango zara» Haiek txalupak lehorrera atera zituzten eta, dena utzirik, jarraitu egin zioten.

Lukas 5, 1-11.

«Alde nigandik, Jauna, bekataria naiz eta» esan zion Simon Pedrok Jaunari. Bere burua doilor eta duin ez dela aitortzen duenari bakarrik deitzen dio Jesusek bere misioan parte hartzera. Nork egin ditzake mirariak Jesusen izenean? Jesusek sendatu, salbatu edota askatu duen pertsonak. Nor izan daiteke pertsonen arrantzalea? Jainkoaren Errukian erori den pertsona. Jainkoak ez ditu trebeak aukeratzen, baizik eta aukeratzen dituenak trebatzen ditu. Jesusek deituak izateko gure meritu bakarra bere Maitasunaren gose eta egarri sentitzea da, besterik ez. Jesusek gu arrantzatzen uztea, behin eta berriz, nekatu gabe, horixe da jende arrantzale eta justizia eta bakearen eraikitzaile bihurtuko gaituen jarrera. Bere sendatze eta askapen sarean harrapatzen utzi nahi al dut?

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.