Denbora eta espazioa

2022 Ira 1

Noiz gertatu zen hori? Non?

Denbora eta espazio batean kokatuta ez dagoenaren irudikapena ez da erraza. Askok diote harremanak direla gutariko bakoitzaren izanaren bihotza, nortasunaren ardatza, eta giza harremanak beti gertatzen dira espazio eta denbora batean. Biak ala biak, gure bizitzako nahitaezko baldintzak.

Hari horretara, Frantzisko aita santuak, EG 222 zenbakian, baieztapen iradokitzailea ematen digu: “(…) herriaren eraikuntzan aurrera egiteko printzipio bat sortzen da: denbora espazioa baino handiagoa da” (hots, denbora lehenetsi behar da espazioaren gainetik). Hurrengo zenbakia (EG 223) esaldi honekin hasten da: “Printzipio horrek ahalbidetzen du luzera begira lan egitea, berehalako (gertuko) emaitzetan tematu gabe”; eta zenbaki berberean, aurreraxeago: “Denbora lehenestea prozesuak hasteari lotzen zaio, espazioak menperatzeari baino”.

Ematen du zer pentsatua.

Aita Santuak Eliza katolikoan deitu duen Sinodoa, zalantzarik gabe, logika horri lotzen zaio. Ziur aski, emaitzak ez dira oso ikusgarriak izango baina martxan jarritako ibilbidea arnas luzekoa eta ondorio sakonekoa izan daiteke. Etorkizuneko sinestunen belaunaldiek epaituko dute gaur egun itsumustuka bilatzen ari garena.