HITZA

Bizitza Ebanjelioaren argitan: egunero tartea hartzeko gonbidapena

 

Abuztuak 31

Aldi hartan, Jesus sinagogatik atera eta Simonen etxean sartu zen. Simonen amaginarreba sukar handiaz zegoen, eta haren alde zerbait egiteko eskatu zioten. Orduan, harengana makurturik, zorrotz agindu zion sukarrari, eta sukarrak alde egin zion. Berehala jaiki eta zerbitzatzen hasi zitzaien amaginarreba. Eguzkia sartu zenean, gaixoak zituzten guztiek, edozein zela ere haien gaitza, Jesusi eramaten zizkioten, eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egiten zituen. Askorengandik deabruak ere ateratzen ziren, deiadarka esanez: «Zu Jainkoaren Semea zara!» Jesusek zorrotz galarazten zien hitz egitea, bazekiten-eta Mesias zela. Eguna argitu orduko, atera eta bazter bakarti batera joan zen. Jendea haren bila zebilen eta, aurkiturik, eutsi egin nahi zioten, alde egin ez ziezaien. Baina Jesusek esan zien: «Gainerako herrietan ere adierazi beharra dut Jainkoaren erreinuaren Berri Ona, horretara bidali bainau Jainkoak» Eta Judeako sinagogetan ibili zen Berri Ona hots egiten.

Lukas 4, 38-44.

“Hartuko dugu ura pozik, osasunaren iturritik” dio abesti liturgiko batek. Jesus bizi iturria da, osasun iturria: “Eguzkia sartu zenean, gaixoak zituzten guztiek, edozein zela ere haien gaitza, Jesusi eramaten zizkioten, eta hark, bakoitzari eskuak ezarriz, sendatu egiten zituen”. Zertaz sendatzen gaitu Jesusek? Esan al dezakegu gaur, XXI. mendean, Jesusek Alzheimerra, ELA, HIESa eta abar dituzten pertsonak sendatzen dituela? Ez ditugu ukatuko Jesusek atzo egin zituen, gaur egiten dituen eta bihar egingo dituen mirari apartak, baina berak sendatzen gaitu, batez ere arimako bi gaixotasunetatik: lehenik, etsipen nihilistaren gaixotasunetik, eta bigarrenik, egozentrismo nartzisistaren gaixotasunetik.

Mikel Iraundegi

* Ebanjelioaren testuak Loyola Komunikazio Taldearen baimenarekin.